ADITZ-PERIFRASIAK. Aditz bakarrak adieraziko lukeen ekintza edo egoera aditzera emateko erabiltzen dugun aditz bat baino gehiagoko esapideari deritzo aditz-perifrasi multzoa. ‘Egitura progresiboak’ izenez ere ezagutzen dira. Erabilienak honako hauek dira:
(-tzen) ari izan: Haurrak ikasten ari dira. ;
(-tzen) jardun: Haurrek hitz egiten jardun dute.
(-tzen) ibili: Denbora galtzen ibili da.
(-tzen) egon: Entzuten egon da goiz osoa.
(-tzen/-tu(a)z) joan: Hizkuntza aldatuz joan zaigu.
nahi izan (gogo): Etxera joan nahi dute.
behar izan: Etxera garaiz etorri behar duzue.
ahal izan: Egunero joaten ahal da.
ezin izan: Ezin da joan egunero.
ohi izan: Telebista egunero ikusi ohi du.
ALFERREKO PERIFRASIAK. Gehienetan estilo-kontua bada ere, azken urteotan —inguruko erdaren eraginez bereziki— neurriz gain zabaldu da euskaraz alferreko parafrasiak erabiltzeko joera. Esanahi osoko aditz baten ordez, <hitz abstraktua + aditza> egiturara jotzen da. Aditz jakin batzuekin gertatzen da batik bat: aurkeztu, ekin, gertatu... (eta burutu, garatu, gauzatu eta gisakoekin).
Ez dirudi bide egokia, baldin bigarren aditzak oinarrizkoari esanahi argirik edo gehiagorik ematen ez badio; halakoetan, mesedea izan beharrean, traba da komunikaziorako. Nominalizazio-estiloaren gehiegikeria ere arrasto berekoa da. Estilo-liburu askok esaten dute bestelako aukera batzuetara jotzea komeni dela.
▼Udalak langileak fitxatzeko erlojuen aldaketari ekin dio egunotan (> Udalak langileak fitxatzeko erlojuak aldatu ditu egunotan).
▼Zubiaren eraikuntza egitea da helburua (> Zubia eraikitzea da helburua).
▼Proposatzen diren ariketak nahitaezkoak gertatzen dira gida didaktikoko helburuak lortzeko.
▼Batzuk hain dira txikiak ezen ia ikusezinak gertatzen baitira, eta ez diegu erreparatzen.
▼Zailtasunak aurkezten dituen ikaslearentzat...
▼Txirrindulariak prest zeuden irteera hartzeko / irteerari ekiteko (> irteteko).
▼Gaur emango zaio hasiera kanpainari (> hasiko).
EUSKALTZAINDIA (1987). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak II (EGLU II). Bilbo: Euskaltzaindia (437-482).
—(2002). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (409-430).
GARZIA, J., (2005). Kalko okerrak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (61-63).
EHUko Euskara Zerbitzua (2013). "Egitura progresiboak", Ehulkuren aholku guztiak.