Postposizio-lanetan, ez da zuzena *mendiaren zehar esapidea; mendian zehar edo menditik zehar dira molde egokiak. Eta bi horietatik, mendian zehar aldaera erabiltzen da nagusiki. Ikus Euskaltzaindiaren Hiztegia. Hangoak dira adibide hauek: Kalean zehar doala, saltzaile bat ikusi du. Arantzazuko bidean zehar beltzez jantzita zihoan jendetzari begira. Zainetan zehar dabilen odola. Frantziatik zehar doakizu nire eskutitz hau. Hortik zehar.
Gutxiagotan bada ere, denborazko testuinguruetan ere erabiltzen da: Zaila dela gure historian zehar antzekoa aurkitzea. [EH]
Sinonimoak ditu -n gaindi (Elkarrekin zebiltzan Galilean gaindi), -n barna (Bilbon barna dabil) eta -n barrena (Odola alkandoran barrena dariola). Eta horiek ere onartzen dute -tik kasua, nahiz -n baino urriagoz ageri tradizioan. Hona hemen Orotariko Euskal Hiztegiko adibide batzuk: menditik barna etorri; handik barna joan; zoazte mundu guztitik barrena; Mazedoniatik barrena abiatu zen; sabaitik gaindi atera. -z gaindi ere ageri da: Mugaz gaindi ihesi joan.
EUSKALTZAINDIA. “Espazioa/denbora adieraztea: zehar (basoan zehar, urtean zehar)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Lexikoa: zehar (basoan/basotik zehar; basoan/basotik barrena)”, Jagonet galde-erantzunak.
SALABURU, Patxi, KINTANA, Xabier (1984). Euskara hobean hobe. Bilbo: UPV/EHU (94).