IDAZKERA. Aditz jokatuekin -Z GERO idatzi behar da (eta -ez gero, partizipioa kontsonantez amaituz gero): joz gero, igoz gero, etorriz gero, hilez gero, hori egin duzunez gero...; gainerakoetan (adberbioekin, zenbakiekin...), EZKERO ere zilegi da (atzoz gero / atzo ezkero, hamarrez gero / hamarrak ezkero, zortziez gero / zortziak ezkero, hamar eta erdiez gero / hamar eta erdiak ezkero, hilaren 5az gero / hilaren 5a ezkero, sanferminez gero / sanferminak ezkero, Trentoko Kontzilioaz gero / Trentoko Kontzilioa ezkero...; *egin ezkero > eginez gero, *etorri ezkero > etorriz gero). [26. araua; EH (ezkerosarrera)]
Ezkerok adlatiboa ere (NORA kasua) onartzen du: eskolara aurretik eta eskolara ezkero (...); Behin hara ezkero...; Bertsoak jartzera ezkero, hasi egin behar.
AHOSKERA
a) Ezkero forma idatzia —zazpiak ezkero, bihar ezkero— idatzi bezala ahoskatu behar da: [k].
b) -z gero moldeak bi ahoskera ditu aukeran: 1. <etorriz gero>: [etorrizkero] eta [etorriz gero]; <betez gero>: [betezkero] eta [betez gero]. [87. araua]