GRAFIA-KONTUAK ;
AHOSKERA. Gaztelaniazko ahoskera hortzartekoa —[θ](gazt. lápiZ)— testuinguru guztietan da gaitzestekoa euskal hitzetan. [87. araua]
Hutsak, euskal izenetan, batez ere, honako hauetan eta gisakoetan egiten dira:
• Euskal abizen eta leku-izenen ahoskeran: *[θubeldia, θuaθo, liθaso, arθallus...]; *[liθarrusti, liθarra, θestoa, θerain...] (> [Zubeldia, Zuazo...]).
• Hitz mailegatu baina osotara euskal hitz diren hauetan: *[θero, proθesu, soθiologia, esθena, trapeθista, esθeptiko, eskiθofrenia, θisyordania, Greθia, aθentu, liθeo...] (> [zero, prozesu...]).
Erdarazko leku- eta pertsona-izenekin, bi jokamolde daude:
• Badira euskal ortografiara egokituta idazten direnak, eta halakoak euskal izenen mailako ahoskera dute: Andaluzia, Zipre, Florentzia...
• Badira euskaraz ere jatorrizkoan bezala idazten direnak. Jatorrizkoan bezala ahoskatzekoak dira halakoak: Tiziano [titziano], Piacenza [piatxentza], Zaragoza [θaragoθa], Zamora [θamora]... Azkeneko bi horiek, nolabaiteko tradizioa dutelako, euskarazko ahoskeran ere eman daitezke.