38. arauan daude jasoak —«Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak» delakoan—, eta, hala dagokionean, bakoitzaren izen laburtua (adibidez, Venezuela) eta izen ofiziala (Venezuelako Bolibartar Errepublika) ageri dira bertan. Badira bi aukerakoak ere: esaterako, Irlanda / Eire. Denak kontsultatzeko biderik eroso eta lasterrena Euskaltzaindiaren Euskal Onomastikaren Datutegira (EODA) jotzea da: http://www.euskaltzaindia.eus/onomastika.
Kanpoko leku-izen bat zenbat eta erabiliagoa izan, hainbat errazago egokitzen zaio grafia. Horregatik, ohikoa da munduko estatu askoren izenak desberdin idaztea hizkuntza batetik bestera, estatu-izenak baitira kanpoko leku-izenik erabilienetakoak. Euskaraz ere, euskal grafiara egokituta idaztekoak dira estatu-izen asko. Adibidez: Aljeria, Ameriketako Estatu Batuak (-ak) / AEB, Belgika, Boli Kosta, Ekuador, Japonia, Kolonbia, Kuba, Maroko, Norvegia, Paraguai, Saudi Arabia, Suedia, Suitza, Tunisia, Txile, Txina, Vatikanoa (-a), Zeelanda Berria (-a), Zipre.
Oharra: (-a/-ak) markek izen horien bukaerako -a/-ak horiek artikuluak direla adierazten dute. Beraz, lekuzko kasuetan honela dira: Estatu Batuetako, Estatu Batuetatik...; Vatikanoko, Vatikanotik...