Euskaraz a bildua deritzo, eta helbide elektronikoetako nazioarteko ikurra da. Zenbait aplikazio informatikotan ere erabiltzen da; adibidez, Twitterren, Instagramen eta beste batzuetan. [EH]
Euskaltzaindiak ez du araurik eman a bilduaren erabileraz, baina badira azken urteotan gizartean zabal hedatutako ohitura batzuk, eta, haietan, gomendio hauek ematen dira:
Nola irakurri:
i.ugarte@gmail.com [i, puntu, ugarte, a bildua, ge mail, puntu com]
h_agirregomezkorta@euskaltzaindia.eus [hatxe, beheko marra, agirregomezkorta, a bildua, euskaltzaindia, puntu eus]
Helbide elektronikoetan, kasu-marka lotu behar izanez gero, marratxoa erabiltzen da, e epentetikoaren premia zainduz: bbzubia@irakasle.eus-era bidaliko dizut.
Interneteko baliabideak (webguneak, irudiak, bideoak...) zehazki kokatzeko, URL helbideak erabiltzen dira. Honela irakurtzea gomendatzen da:
http://www.euskaltzaindia.eus [hatxe-te-te-pe, bi puntu, barra barra, hiru uve bikoitz, puntu, euskaltzaindia, puntu eus]
http://www.corpeus.org/cgi-bin/kontsulta.py [hatxe-te-te-pe, bi puntu, barra barra, hiru uve bikoitz, puntu, corpeus puntu, o-erre-ge, barra, ze-ge-i, marratxo, bin, barra, kontsulta, puntu pe-i grekoa]