Hauek dira kontinenteak izendatzeko erak [51. araua]: Europa, Asia (Eurasia), Afrika, Amerika, Ozeania. Usadio batzuetan, Amerika pluraleko forman baliatuta erabiltzen da (Ameriketara joan zen...).
Kontinenteen azpisailak eta beste izen nagusi batzuk ere ageri dira arauan: Ipar Europa, Erdialdeko Europa..., Ipar Amerika, Hego Amerika, Erdialdeko Amerika (Ertamerika)..., Ekialde Hurbila, Ekialde Urruna..., Antartika (baina Ozeano Antartikoa), etab.
Kontinente horietako herritarrei honela deritze: europar (*europear), asiar edo eurasiar, afrikar, amerikar, ozeaniar. Ñabardura berezia duten beste forma batzuk ere erabiltzen dira (osaba amerikanoa, osaba indianoa), baina horiek bestelako adiera bat dute.
Izenen forma arautua kontsultatzeko biderik eroso eta lasterrena Euskal Onomastikaren Datutegira (EODA) jotzea da: http://www.euskaltzaindia.eus/onomastika.