Euskaltzaindiaren Hiztegian ugari dira -ki atzizkiarekin eraturiko hitzak; izenak edo moduzko aditzondoak, gehienak.
Izenetan, salbuespenak kenduta, sail hauek egin daitezke:
Izenei erantsita
- Oinarria animalia baten izena edo animalia baten zati baten izena bada, -ki erantsita janaria adierazten duten izenak sortzen dira: bildoski, ardiki, ahunzki, ahateki, eperki, txerriki, odolki, tripaki, saiheski...
- Oinarria izen bizigabea bada, oro har, izenak adierazten duenaz egindako jakia eta, izena lekua denean, leku horretatik hartutako jakia adierazten duten izen bizigabeak sortzen dira: gozoki, izozki, oreki, barazki, itsaski, esneki...
- Oinarria izen bizigabea bada baina jatekoa ez bada, material horretatik ateratakoa edo egindakoa adierazten du, hau da, izenak adierazten duen ‘klase horretako bat’ adierazten duten izenak sortzen dira: kalamuki, koipeki, lizarki, gorostiki, gisuki, beiraki, kristalki, kareki, liburuki, gauzaki...; eta hedaduraz: adizki, izenki, aurrizki, artizki, atzizki, hondarki... Baita zenbatzaileei erantsita ere: biki, hiruki, lauki, zazpiki.
- Oinarria izen biziduna bada, ‘klase horretako bat’ adierazten duten izen bizidunak sortzen dira: emazteki, gizaki, abadeki, umeki, handiki.
Aditzoinei erantsita
- Tresna, lanabesa edo baliabidea adierazten duten izenak edo aditzaren ekintzaren objektua adierazten duten izenak sortzen dira: beroki, estalki, tapaki, janzki, iragazki, isurki, jaki, inprimaki, aldaki...
Adberbioetan, moduzkoak eratzeko erabiltzen da: bereziki, hobeki, ederki, berriki, poliki, gaizki, biziki, espresuki, gizonki... Badira hainbat, gaur egun sarri erabili arren Euskaltzaindiaren Hiztegian agertu ere egiten ez direnak (ia edozein adjektibok onartzen baitu -ki atzizkia). Halakoetan, kontuan izan behar da batzuetan badirela bestelako aukera batzuk ere, eta egokiagoak zenbaitetan: legalki (> legez), teorikoki (> teorian), ekonomikoki (> ekonomian), (nik) pertsonalki (> nik neuk), tradizionalki (> tradizioz)...
Gehiago jakiteko
EUSKALTZAINDIA (1994). LEF batzordea, “Eratorpenaz: -ki”, Euskera 39, 3: 1049-1050.
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (175-176).
ALBERDI, Xabier, SARASOLA, Ibon (2001). Euskal estilo libururantz. Bilbo: UPV/EHU (319).
BERRIA (2006). Estilo-liburua. Donostia: Berria (236).
VILLASANTE, Luis (1974). Palabras vascas compuestas y derivadas. Oñate: EFA (96-101).