GRAFIA. [ll] hots sabaikaria ez da beti <il> bikotearen ondorio; ll digrama ere badago euskaraz. Hor ditugu Euskaltzaindiaren Hiztegian, besteak beste, Hegoaldekoak diren tortilla, pastilla, bonbilla, billete, lentilla, paella (OEHren arabera, baita galleta ere, Iparraldeko bixkotx hitzaren sinonimoa dena) eta, nazioartekoak izanik, Iparraldean ere sabaikari edo palatal gisara ematen diren gerrilla, artilleria, gillotina, billar... Pertsona- zein leku-izenetan ere ageri da, bai euskarazkoetan, bai kanpokoetan: Alluitz, Pello, Erremelluri, Illare...; Allo, Mallabia, Sunbilla, Zalla...; Mallorca, Sevilla...
AHOSKERA. Euskara zainduan ez da egokia ll digrama sabaikari ahostun [ʎ] ahoskatu ordez [bonbilla, tortilla], [y] sabaiko igurzkari ahostun egitea —‘yeismoa’— [*bonbiya, *tortiya]. <il> bikotearen ondorengoetan ere euskalkien araberakoa da ahoskera —batzuek [ll], beste batzuek [il]—, baina beti da desegokia [y] egitea. Adibidez: <oilo> [*oyo / ollo, oilo], <langile> [*langiye / langille, langile], <maila> [*maya, malla, maila]. [87. araua]
Nolanahi ere, kontuan hartu behar da nazioarteko hitz batzuetan, nahiz ll idatzi, jatorrizko ahoskera [l] soila dela: allegretto [alegreto], allegro, ballet [balet], eta gisa berean hauek ere: best-seller, collage, hall, legionella...
EUSKALTZAINDIA. “Ortografia: elle digrama”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Ortografia: il/ill + h”, Jagonet galde-erantzunak.
SARASOLA, Ibon (1997). Euskara batuaren ajeak. Irun: Alberdania (31).
ALBERDI, Andres (2014). Ahoskera. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (22).