Datorren ostiralean, abenduaren 12an, Hermes aldizkariaren zenbaki berria aurkeztuko dute Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak. Zenbakiaren izenburua Aniztasunean bat eginik? ¿Unidos en la diversidad? da eta aurtengo otsailean, bi erakundeok antolaturiko "Desagertzeko arriskua duten europar hizkuntzez eta hizkuntza-aniztasuna Europar Batasunean" mintegian egin ziren ekarpenak biltzen ditu. Bilbon aurkeztuko da, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan (Mandobide kalea, 6. zenbakia), goizeko 11:30ean.
Hermesen zenbaki berrian hauen idatziak jaso dira: François Alfonsi Berdeak-ALEko Taldeko eurodiputatua; Csaba Sándor Tabajdi Europako Parlamentuko Sozialisten eta Progresisten Aliantzaren Taldeko eurodiputatua; Izaskun Bilbao EAJ-PNVko eurodiputatua; Andres Urrutia euskaltzainburua; eta Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza sailburuordea. Erramun Osa Euskaltzaindiaren idazkariordea izan da aldizkari honen edukien prestatzailea (mintegiaren koordinatzailea ere izan zen).
Desagertzeko arriskuan dauden Europako hizkuntzei eta Europar Batasuneko hizkuntza-aniztasunari buruzko txostena ere argitara eman da aldizkarian. 2013ko irailaren 11n, Europako Parlamentuak txosten hori onetsi zuen, gehiengo oso zabalarekin. Hain zuzen ere, Euskaltzaindiarentzat eta Sabino Arana Fundazioarentzat, hori izan zen otsailean egin zen mintegia antolatzeko abiapuntua.
Ostiraleko aurkezpenean honako hauek izango dira: Izaskun Bilbao, Andres Urrutia, Patxi Baztarrika eta Erramun Osa. Eurekin batera, Jose Antonio Rodriguez Hermes aldizkariaren zuzendaria eta Juan Mari Atutxa Sabino Arana Fundazioaren presidentea.
Adolfo Arejita euskaltzain eta Labayru Ikastegiko zuzendaria ere aurkezpenean izango da. Izan ere, Labayruk eta Sabino Arana Fundazioak "Euskara batua eta euskalki-hizkerak elkar eragin aberasgarri bati buruz - Hacia una relación enriquecedora del euskara batua y los dialectos " izeneko mintegia egingo dute ostiralean bertan.