Egitasmo honetan, Resurreccion Maria Azkueren idazlan argitaratu guztiak katalogatu eta digitalizatu dira. Digitalizazio prozesua amaiturik, honako emaitzak aurkezten dira:
Azkuek, bizi zen artean, 64 urtetan zehar argitaratu zuen: lehen argitalpena 1888koa da, eta azkena 1951koa. Guztira, argitaratutako 922 idazlan katalogatu eta digitalizatu dira.
Katalogazioari dagozkion ohar orokor batzuk eransten dira jarraian:
Azkueren 922 idazlanak hamar multzotan sailkatu dira:
Azkueren liburuen artean, lau dira nagusi eta enblematikoak, beren neurri, bikaintasun eta eraginagatik: Diccionario vasco-español-francés, Cancionero popular vasco, Morfología vasca eta Euskalerriaren yakintza. Horrenbestez, bereizita aurkezten dira.
Lau liburu horiek hainbat argitalpen izan dituztenez, edizio kanonikoari eman zaio lehentasuna: Azkue bizi zen artean ateratako azken edizioa hartu da edizio kanonikotzat. Hauek dira:
Morfología vasca-ren kasua berezia da: lehen edizioa 1923-1925ean Euskera aldizkarian argitaratu zen atalka, eta ondoren 1925ean liburu formatuan kaleratu zen. 1925eko bigarren bertsio hori hartu da kanonikotzat.
Bestalde, lau liburu hauek hainbat berredizio izan dituzte 60ko eta 80ko hamarkadetan. Berredizio horiek guztiak, dena den, faksimileak dira. Gehienek edizio kanonikoan agertzen ez diren atal berriak dituzte: sarrerak, hitzaurreak edo bestelako lanak. Testu erantsi horiek ere, Azkuek berak idatzitakoak izan ez arren (bat izan ezik), bere obraren edizioen testuinguruan argitaratu direnez, katalogatu eta digitalizatu egin dira. Horregatik, hain zuzen, liburu enblematikoak lau izan arren, multzo horren barruan katalogatu eta digitalizatutako idazlanak 32 dira guztira, aurreko sailkapenean ikus daitekeen bezala: edizio kanonikoen atalean 15 (kontuan hartuta Cancionero popular vasco 12 liburukitan argitaratu zela), eta faksimiletako idazlan berrien artean beste 17.
Azkueren beste liburu guztiak bi multzotan sailkatu dira, orrialde kopuruaren arabera:
Azkueren 27 liburu zati katalogatu dira.
Azkuek idatzitako 742 artikuluak honako aldizkarietan agertu ziren:
Aipamen berezia merezi dute Euskalzale (1897-1899) eta Ibaizabal (1902-1903) aldizkariek. Izan ere, bi aldizkari horien zuzendaria izan zen Azkue (Ibaizabal Kirikiñorekin batera zuzendu zuen), eta hainbat eta hainbat artikulu idatzi zituen horietan. Ez da beti erraza, dena den, Azkueren egiletza identifikatzea. Dagoeneko zalantzarik sortzen ez duten sinadurak hartu dira aintzat. Euskalzale-ren kasuan, bere izenaz gain –‘Azkue (R. M.)’, ‘A.’– hainbat goitizinez –‘Eketa’, ‘Basozale bat’, ‘Euskalzale’, ‘Tertzadun bat’, ‘Txirrist’, ‘Vascofillo’– sinatutako 613 artikulu katalogatu dira. Ibaizabal-en kasuan, ‘Eketa’ eta ‘Tertzadun bat’ goitizenez sinatutako 31 artikulu katalogatu dira.
Multzo honetan Azkuek egindako hamar itzulpen lanak katalogatu dira, baina liburu edo liburuxka formatukoak soilik. Hainbat artikuluk ere badute itzulpen izaera, batzuetan besteetan baino esplizituagoa, baina artikulu gisa multzokatu dira dagokien aldizkarian.
Multzo honetan Azkuek biltzaile eta editore gisa argitaratutako liburu bana sartu dira. Bi horiei Erizkizundi irukoitza-ri lotutako liburu gisako hiru argitalpenak erantsi zaizkie, Azkuek berak Euskaltzaindiaren baitan diseinatu eta zuzendutako egitasmoa izan baitzen.
Azkueren idazlanen zortzi berredizio katalogatu dira.
Azkue etnografoak hemen eta han bildu eta argitaratutako herri ipuinek hainbat literatur egokitzapen izan dituzte ondoko urteetan, haurrentzako zein helduentzako ediziotan, izan liburu, liburuxka, liburu zati edo artikulu gisa. Hamaika egokitzapen katalogatu dira.
Bada kasu berezi bat: orobat multzo honetan sartu dugu Azkueren hamar ipuin japonierara itzulita biltzen dituen artikulua.
Azkueren gutunak biltzen dituzten bederatzi argitalpenak sartu dira multzo honetan. Bitarteko egileren batek argitaratutakoak dira, ia denak aldizkarietako artikuluetan.
Idazlan guztiak PDF formatuan digitalizatuta daude, irudipeko testua zuzenduta dutela. Irudipeko testuari zuzenketa selektiboa aplikatu zaio, exhaustiboki jokatu gabe, kualitatiboki esanguratsuak diren elementu guztiak zuzenduz.
Tratamendu orokor horrek baditu hainbat zehaztapen. Izan ere, hainbat idazlanen kasuan, PDFaren irudipeko testua ez da zuzendu eta irudi moduko PDF huts modura digitalizatu dira:
Azkueren idazlanetan zeinu diakritiko ugari agertzen dira. Irudipeko testua zuzentzerakoan, honako transkripzioak egin dira:
Azkueren idazlanen fitxategitik abiatuta, bi aurkibide sortu dira: aurkibide orokorra eta gaikako aurkibidea.
Azken buruan, bi aurkibide horiek dokumentu-analisi prozesu baten emaitzatzat jo genitzake, Bibliotekonomiaren eta Dokumentazioaren ezagutza esparruetan sistema dokumentalen edo dokumentu-bildumen deskribapen, errepresentazio eta azterketari erreferentzia egiten dion prozesu analitiko gisa ulertuta. Dokumentu-analisiak dokumentuen berezitasunak objektiboki deskribatzea, antolatzea eta errepresentatzea ahalbidetzen du, eta jatorrizko dokumentuen formari eta edukiari eragiten dieten eragiketa multzo batek osatzen du. Horrenbestez, dokumentu-analisia bi prozesu motatan banatzen da: batetik, dokumentuaren alderdi formalei buruz diharduten prozesuek dokumentuak identifikatzeko balio digute (analisi formala); bestetik, dokumentuaren edukia lantzen duten prozesuak daude (eduki-analisia). Xede horiek lortzera bideratuta daude, hain zuzen ere, aurkibide orokorra eta gaikako aurkibidea, hurrenez hurren.
Aurkibide orokorra osatu, multzokatu eta ordenatzerakoan, multzo bakoitzeko idazlanak ordenatzeko lehen irizpidea kronologikoa da. Data bera duten lanen kasuan:
Gaikako aurkibidean, Azkueren idazlanak gai sailkapen edo thesaurus baten arabera ordenaturik datoz; eta, gai bakoitzaren barruan, aurkibide orokorrean idazlanak ordenatzeko erabili diren irizpide berberen arabera.
Azkueren 922 idazlanak honela banatuta geratu dira gai sailkapenaren arabera:
1. Euskara |
200 |
1.1. Hizkuntzalaritza |
|
1.1.1. Gramatika, morfologia eta sintaxia |
38 |
1.1.2. Lexikologia eta lexikografia. Hiztegigintza |
41 |
1.1.3. Dialektologia. Euskalkiak |
20 |
1.1.4. Hizkuntzalaritza historikoa eta konparatua |
14 |
1.1.5. Fonetika. Ortografia |
7 |
1.2. Euskara gizartean |
|
1.2.1. Euskararen diskriminazioa eta berreskurapena |
26 |
1.2.2. Euskara ikasteko metodoak eta irakurgaiak |
8 |
1.2.3. Euskara eredugarria. Erdalkeriak eta garbizaletasuna |
5 |
1.2.4. Euskalkiak eta euskararen batasuna. Euskaltzaindia |
14 |
1.2.5. Euskara eta Euskal Herria. Iragana, oraina, geroa |
27 |
2. Literatura |
179 |
2.1. Narrazioak |
30 |
2.2. Ipuinak |
110 |
2.3. Poesia |
10 |
2.4. Antzerkia |
6 |
2.5. Literatur azterketa |
10 |
2.6. Liburuak. Aipamenak, kritikak eta hitzaurre laburrak |
13 |
3. Musika |
64 |
3.1. Opera. Zarzuela. Musika kultua |
23 |
3.2. Musika erlijiosoa |
33 |
3.3. Musika azterketak. Musikologia |
8 |
4. Etnografia |
208 |
4.1. Folklorea |
11 |
4.2. Herri musika |
45 |
4.3. Herri literatura |
20 |
4.4. Esakuneak. Atsotitzak |
30 |
4.5. Istorioak. Izkirimiriak |
102 |
5. Erlijio kristaua |
59 |
5.1. Eliza |
7 |
5.2. Liturgia. Eliz irakurgaiak |
18 |
5.3. Kristau bizitza eta morala. Kristau ikasbidea |
22 |
5.4. Eliz gizon eta emakumeak |
12 |
6. Orotarik |
212 |
6.1. Gogoeta laburrak honetaz eta hartaz |
28 |
6.2. Kultura, gizartea eta beste. Albiste eta kronika laburrak |
|
6.2.1. Euskal Herria |
50 |
6.2.2. Mundua |
56 |
6.3. Euskalzale eta Ibaizabal aldizkariak |
|
6.3.1. Vascofillo eta Euskalzale |
42 |
6.3.2. Euskalzale-ren mezuak irakurleari |
19 |
6.3.3. Ibaizabal-en mezuak irakurleari |
2 |
6.4. Gutunak |
9 |
6.5. Besterik |
9 |