Jarraibide etikoak - Euskera agerkaria

EUSKERA AGERKARIAN ARGITARATZEKO JARRAIBIDE ETIKOAK

Adituek ebaluatutako (peer-reviewed) aldizkari batean ikerketa-artikulua argitaratzea funtsezko oinarria da jakintza-sare koherente eta errespetatu bat garatzeko. Egileen eta horien erakunde babesleen lanak duen kalitatearen zuzeneko erakuslea da hori. Adituek ebaluatutako ikerketa-artikuluak metodo zientifikoaren euskarri eta adierazle dira. Garrantzitsua da, beraz, argitaratzean parte hartzen duten alderdi guztiengandik espero den jokabide etikoaren arauak adostea; hona alderdiak: egilea, argitarazlea, aditu ebaluatzailea, argitaratzailea eta aldizkariaren jabea.

Argitaratzailearen funtzio garrantzitsuetako bat zera da, erregistro akademikoaren zuzentasunari euste aldera aldizkariaren editoreek egiten duten ahalegin handiari eta aditu ebaluatzaileek egiten duten lanari babesa ematea. Argitaratzailearen zeregina da komunikazio akademikoari babesa, arduraldia eta laguntza eskaintzea eta bera da, azken finean, jardunbide egokienak erabiltzen direla ziurtatzearen arduraduna.

Konpromisoa dugu publizitateak, berrargitaratzeek edo bestelako diru-sarrera komertzialek argitaratze-erabakietan inpakturik edo eraginik izan ez dezaten. Gainera, Euskaltzaindiak laguntza eskaintzen du beste aldizkari eta/edo argitaratzaileekin izaten diren komunikazioetan, baldin eta editoreentzat lagungarria bada. Azkenik, elkarlan estua dugu beste argitaratzaile eta hizkuntza-industria batzuekin etika-kontuetan, akatsetan eta atzera-egiteetan jardunbide egokiak izateko arauak ezartzeko. Gainera, lege arloko azterketa eta aholku espezializatuak egiteko gaitasuna ere badugu.

EGILEAREN BETEBEHARRAK

Txostenak egiteko arauak

Jatorrizko ikerketen txostengileek lanaren azalpen zehatzak aurkeztu behar dituzte, baita egindakoaren garrantziaren azalpen objektiboa ere. Lanaren oinarrian dauden datuak ere zehatz aurkeztu behar dira ikerketa-artikuluan. Beste norbaitek erreferentzia egin ahal izateko adina xehetasun izan behar ditu ikerketa-artikuluak. Iruzurrezko adierazpenak edo nahita oker adierazitakoak jokabide ez-etikotzat ditugu eta ez ditugu onartzen.

Berrikuspenek eta argitalpen profesionaletako ikerketa-artikuluek ere zehatzak eta objektiboak izan behar dute eta ‘iritzi’ editoriala jasotzen duten lanetan argi adierazi behar da gisa horretakoak direla.

Datuetarako sarbidea eta datuak atxikitzea

Egileei eska dakieke ikerketa-artikulu bati lotutako datu landu gabeak aurkez ditzatela berrikuspen editorialerako, eta datu horietarako sarbide publikoa emateko prest egon behar dute, hala egin daitekeenean. Horrez gain, argitaratu ondoren, datu horiek zentzuzko epe batean atxikitzeko ere prest egon behar dute.

Originaltasuna eta plagioa

Egileek ziurtatu behar dute idazten dituzten lanak erabat originalak direla eta beste batzuen lana eta/edo hitzak erabiltzen badituzte, erreferentzietan edo aipuetan behar bezala jaso behar dituzte.

Plagioak askotarikoak izaten dira: adibidez, beste baten ikerketa-artikulua egilearena balitz bezala aurkeztea, beste baten lanaren zati garrantzitsuak kopiatzea edo parafraseatzea (hari egile-izaera aitortu gabe), edota beste batzuek egindako ikerlanen emaitzak nork bere egitea. Plagioa, dituen modu guztietan, jokabide ez-etikoa da argitalpenetan eta onartezina da.

Argitaratze anizkunak, errepikatuak edo bikoiztuak

Egileek, oro har, ez lituzkete aldizkari edo argitalpen nagusi batean baino gehiagotan argitaratu behar funtsean ikerketa bera deskribatzen duten eskuizkribuak. Eskuizkribu bat aldizkari batera baino gehiagotara aldi berean aurkeztea jokabide ez-etikoa da.

Egileek, oro har, ez lukete lehendik argitaratuta duten ikerketa-artikulua beste aldizkari batera proposamen gisa bidali behar. Ikerketa-artikulu mota batzuk (adibidez, itzulpenak) aldizkari batean baino gehiagotan argitaratzea justifikagarria da batzuetan, baldin eta zenbait baldintza betetzen badira. Aldizkariko egileak eta editoreak ados jarrita egin behar dira bigarren argitaratzeak (hala dagokionean). Lehen laneko erreferentziak, datu eta interpretazio berak jaso behar ditu bigarren argitaraldiak ere.

Iturriak adieraztea

Besteen lana behar bezala aitortu behar da beti. Egileek aipatu egin behar dituzte lanaren izaera zehaztean eragina izan duten argitalpenak. Modu pribatuan eskuratutako informazioa nola elkarrizketetan. Postazko pribatuan eskuratutako informazioa edo hirugarren batekin izandako eztabaidan eskuratutakoa ez da erabili edo aipatu behar, baldin eta datuen iturriaren berariazko baimen idatzirik ez bada. Zerbitzu konfidentzialetan eskuratutako informazioa, hala nola eskuizkribuak epaitzeko lanetan edo beka-eskaeretan lortutakoa ez da erabili behar, baldin eta zerbitzu horietako lanaren egilearen berariazko baimen idatzirik ez bada behintzat.

Ikerketa-artikuluaren autoretza

Egileen artean, azterlana sortzen, diseinatzen, gauzatzen edo interpretatzen ekarpen garrantzitsua egin dutenak bakarrik sartu behar dira. Ekarpen garrantzitsua egin duten guztiak sartu behar dira egilekideen zerrendan. Ikerlanaren alderdi garrantzitsuetan parte hartu duen beste pertsonarik balego, horren lana ere aitortu egin beharko litzateke kolaboratzaileen zerrendan.

Artikulugileak ziurtatu behar du parte hartu duten egilekide guztiak sartuta daudela ikerketa-artikuluan. Horrez gain, ziurtatu behar du egilekide guztiek ikusi eta onetsi dutela ikerketa-artikuluaren azken bertsioa eta ados daudela argitaratzearekin.

Zabalkundea eta interes-gatazkak

Egile guztiek adierazi behar dituzte eskuizkribuetan izandako finantza arloko edo bestelako interes-gatazka garrantzitsuak, eskuizkribuaren emaitzetan edo interpretazioan eragina izan badezakete. Egitasmoak jasotako finantza-laguntzaren iturri guztiak adierazi behar dira.

Funtsezko akatsak argitaratutako lanetan

Egile batek argitaratu dioten lanean akats edo oker nabarmenen bat aurkitzen duenean, betebeharra du aldizkariaren editoreari edo argitaratzaileari berehala horren berri eman eta editorearekin batera ikerketa-artikulua atzera botatzeko edo zuzentzeko. Editoreak edo argitaratzaileak hirugarren batek adierazita jakiten badu argitaratutako lan batek akats nabarmenen bat duela, egileak ikerketa-artikulua berehala atzera botatzeko edo zuzentzeko, edota editoreari jatorrizko ikerketa-artikulua zuzen dagoela erakusten duten frogak aurkezteko betebeharra du.

EDITOREAREN BETEBEHARRAK

Argitaratze-erabakiak

Adituek ebaluatzen duten aldizkari honen Idazketa Kontseiluak du aldizkarira heltzen diren ikerketa-artikuluetatik zein argitaratuko den erabakitzeko ardura. Lan bakoitzaren balioa eta ikertzaileentzat eta irakurleentzat duen garrantzia izango dira beti erabaki horiek hartzeko irizpideak. Idazketa Kontseiluak gidari izango ditu une bakoitzean irainen, copyright arau-hausteen eta plagioaren inguruan indarrean diren lege-xedapenak. Idazketa batzordeak beste ebaluatzaile batzuei kontsulta egin ahal izango die erabakia hartzeko.

Joko garbia

Idazketa Kontseiluak, eskuizkribuak ebaluatzean, eduki intelektualari erreparatu behar dio, edozein direla ere egileen arraza, generoa, sexu-orientazioa, erlijio-sinesmena, jatorri etnikoa, herritartasuna edo filosofia politikoa.

Konfidentzialtasuna

Idazkari teknikoak eta Idazketa Kontseiluko kideek ez diote jasotako eskuizkribuei buruzko informaziorik emango, egilea, ebaluatzailea, ebaluatzaile izateko hautagaia, edo beste argitalpen-aholkularia ez den beste inori.

Zabalkundea eta interes-gatazkak

  • Aurkeztutako eskuizkribuetan jasotzen den material argitaragabea ezin erabiliko da Idazketa Kontseiluko kideen ikerketa propioetan, egilearen berariazko idatzizko baimenik gabe behintzat.
  • Informazio pribilegiatua edo kide ebaluatzaileen bidez lortutako ideiak konfidentzialtasunez tratatu behar dira eta ez dira norberaren onurarako erabili behar.
  • Idazketa Kontseiluko kideek uko egin behar diote interes-gatazkak sortzen dizkieten eskuizkribuak aztertzeari (koeditore, edo argitalpen-batzordeko beste kide bati eskatu behar liokete berrikuspena egin eta erabakia har dezala); hau da, ez dituzte eskuizkribuak aztertu behar, baldin eta egileekin, enpresekin edo ikerketa-artikuluei lotuta egon daitezkeen erakundeekin lehia, lankidetza edo beste mota bateko harremana edo lotura badute.
  • Idazketa Kontseiluko kideek kolaboratzaile guztiei eskatu behar diete azal ditzatela dituzten lehia-interesak, eta zuzenketak argitaratu behar dituzte, baldin eta, ikerketa-artikulua argitaratu ondoren lehia-interesak daudela ikusten bada. Behar izanez gero, beste ekintza batzuk ere egin behar dira, hala nola atzera begirako oharra edo irregulartasun-adierazpena argitaratzea.
  • Babestutako gehigarrietan, ziurtatu egin behar da adituen ebaluazio-prozesua aldizkari nagusian erabiltzen den bera dela. Babestutako gehigarrietako elementuak merezimendu akademikoa eta irakurleen interesa bakarrik kontuan hartuta onartu behar dira, eta ez irizpide komertzialek eraginda.
  • Adituek ebaluatu gabeko atalak argi identifikatu behar dira.

Partaidetza eta lankidetza ikerketetan

Idazketa Kontseiluko kideek, Euskaltzaindiarekin batera, neurri eraginkorrak hartu behar dituzte aurkeztutako eskuizkribu bati edo argitaratutako ikerketa-artikulu bati buruz kexa etikoak jasotzen direnean. Neurri horien artean egongo dira, normalean, eskuizkribuaren edo ikerketa-artikuluaren egilearekin harremanetan jartzea eta egindako kexa edo erreklamazioei dagokien arreta eskaintzea, bai eta jakinarazpen gehiago egitea ere dagokien ikerketa-erakundeei. Kexa berretsi egiten bada, zuzenketa, atzera-egitea, irregulartasun-adierazpena edo beste oharren bat argitaratu beharko da, hala badagokio. Argitalpenetan salatzen diren jokabide ez-etiko guztiak sakon aztertu behar dira, baita argitaratu eta handik urteetara egindakoak ere.

EBALUATZAILEEN BETEBEHARRAK

Ekarpena argitaratze-erabakietan

Adituen ebaluazioek Idazketa Kontseiluari lagundu egiten diote argitaratze-erabakiak hartzen, eta egilearekin argitaratzearen inguruko komunikazioak gauzatuz, egileari ere laguntzen diote ikerketa-artikulua hobetzen. Adituen ebaluazioa funtsezko osagaia da komunikazio akademiko formalean; metodo zientifikoaren muina da. Euskaltzaindiaren aburuz, beste askoren iritziarekin bat eginez, argitalpenetan parte hartu nahi duten aditu guztiek dute adituen ebaluazio horietan bidezko neurrian parte hartzeko betebeharra.

Garaiz ibiltzea

Epaile-lanak egiteko aukeratzen den pertsonak uste badu ez duela eskuizkribu bateko ikerlana ebaluatzeko gaitasunik, edo baldin badaki ezingo duela ebaluazioa garaiz egin, idazkari teknikoari jakinarazi behar dio eta ebaluazio-prozesutik kanpo gelditu behar du.

Konfidentzialtasuna

Ebaluatzeko jasotzen diren eskuizkribuak konfidentzialtasunez tratatu behar dira. Ez zaizkio eskuizkribuak inori erakutsi behar, ezta inorekin eztabaidatu ere, baldin eta Idazketa Kontseiluak horretarako baimenik ematen ez badu behintzat.

Objektibotasun-arauak

Ebaluazioak objektibotasunez egin behar dira. Egileari kritika pertsonala egitea desegokia da. Epaile-lanak egiten dituztenek beren ikuspuntuak argi azaldu eta argudioen bidez babestu behar dituzte.

Iturriak aitortzea

Ebaluatzaileek identifikatu egin behar dituzte egileek aipatu gabe utzitako lan argitaratuak. Ohar, ondorio edo argudio bat lehendik azaldu izanaren inguruko adierazpenekin batera, dagozkien aipuak adierazi behar dira. Ebaluatzaileak, baldin eta ebaluatzen ari den eskuizkribuaren eta ezagutzen duen beste ikerketa-artikulu argitaratu baten artean antzekotasun nabarmenik aurkitzen badu, idazkari teknikoari ohartarazi egin behar dio.

Zabalkundea eta interes-gatazkak

Aurkeztutako eskuizkribuetan jasotzen den material argitaragabea ezingo da erabili ebaluatzailearen ikerketa propioetan, egilearen berariazko idatzizko baimenik gabe behintzat. Informazio pribilegiatua edo kide ebaluatzaileen bidez lortutako ideiak konfidentzialtasunez tratatu behar dira eta ez dira norberaren onurarako erabili behar. Ebaluatzaileek ez dituzte aztertu behar interes-gatazkak sortzen dizkieten eskuizkribuak, hau da, ez dituzte ebaluatu behar, baldin eta egileekin, enpresekin edo ikerketa-artikuluei lotutako erakundeekin lehia, lankidetza edo beste mota bateko harremana edo lotura badute.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
Library zlibrary project
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper