Euskara Batuaren Eskuliburuak ez dakar arau berririk. Euskaltzaindiak euskara batuaz gaurdaino emanak dituen arau, gomendio, onespen eta irizpenak (eta, ifrentzuz, baita esan gabeak ere) era didaktiko eta dibulgaziozkoan birformulatzea du helburu. Asmo horrekin, zazpi alorretako kontuak ageri dira: lexikoa, kalkoak, morfologia, sintaxia, onomastika, ahoskera eta ortotipografia.
Donostiako bilakaera soziolinguistiko-historikoa egiteko asmoarekin hainbat lan aurkezten da liburu honetan. Hasteko, Hizkuntzen Historia Soziala eta bereziki euskararen historia soziala lantzeko eredu metodologikoa aurkezten du Lionel Joly Charrassek, aurreneko atalburuan. Ondoren, Donostiako hizkuntza nagusiak historian zehar zeintzuk izan diren azpimarratzen saiatu gara, liburuaren bigarren atalburuan. Hirugarrenean, berriz, gaiari buruz berariaz egin zuen ikerketa sakonean oinarrituz, Donostiako XVIII. mendeko egoera deskribatzen du Juan Madariaga Orbeak. Koldo Larrañaga Elorzak, bere aldetik, ikerketa exhaustiboa egin ondoren, RSBAPeko kideek, Gipuzkoako eliteek, euskarari buruz izandako iritzia eta, batez ere, praxia aurkezten du. Ondoren, bosgarren atalburuan, XXI. mendearen hasierako egoerari buruzko txostena eskaintzen dute Olatz Altuna Zumetak eta Maialen Iñarra Arregik. Azken atalburuan, EHSk sortutako metodologia erabiliz, Donostiako bilakaera soziolinguistikoa azken 250 urtean lantzen dute Mikel Zalbide Elustondok eta Lionel Joly Charrassek. Lan horiek guztiek Donostiak izan duen bilakaera soziolinguistikoaren perspektiba orokorra ematen dute, bai perspektiba sinkronikotik zein diakronikotik.
Adierazpen horietako asko Akademiaren Euskera aldizkarian argitaratu izan dira eta beste batzuk Azkue Bibliotekako Artxiboan daude.
Erabat sakabanaturik zeudenez gero, Sustapen batzordeak argitalpen berezi batean biltzea erabaki du. Hala egin zuen 2006. urtean ordura arteko 32 adierazpen biltzen zituen Euskaltzaindiaren adierazpenak izenburuko argitalpenean (Jagon bilduma, 3). Euskaltzaindiak, geroztik ere, zeregin horretan jarraitu du eta jadanik 63 dira eman dituen adierazpenak. Hori dela eta, Sustapen batzordeari egoki iruditu zaio adierazpenen bilduma eguneratua argitaratzea.
Metodologia-liburua da; hizkuntza-soziologiaren eta soziolinguistikaren teorietan oinarritzen da, batez ere, metodologia hori. Hizkuntzen gizarte-dimentsioaren historia aztertzeko prestatu da berariaz.
1920n Euskera agerkaria sortu zen eta 100 urtean Euskaltzaindiaren bizitza akademikoa eta bere lan esparruetako ikerketa-artikulu originalak, liburu-aipamenak eta antzekoak argitaratu ditu. 2021tik aurrera, Akademiaren bizitza akademikoaren berri emateko asmoz, Euskaltzaindiaren buletina sortu zen. Aldiz, Euskera ikerketa aldizkarian bestelako eduki zientifikoak argitaratzen jarraitu dira.
XXI. mendean aurrera goaz eta ingurune digitala gure bizitzaren parte da, hori ez du inork zalantzan jartzen. Adimen artifizialak eta, bereziki, hizkuntza-teknologiak gure egunerokoan sartuak ditugu, eta euskara ez da salbuespena. Nola lagun dezake ingurune digitalak euskararen estandarizazioa bizkortzen? Horretarako, beste hizkuntzetako esperientziak, Euskaltzaindiarenak berarenak eta euskal erakundeenak ezagutu nahi izan ditugu, guztiok elkarrekin euskararen estandarizazio horren formulazioan, ebaluazioan eta zabalkundean aurrera egiteko eta xxi. mendeko euskal gizarteak dituen euskarari buruzko premiei erantzun egokia emateko.
Hedabideek egunean eguneango eta presa biziko zeregin bati aurre egin behar izaten diote: euskaraz nola aditzera eman, gaztelaniaz, ingelesez edo beste hizkuntzetan garatzen doazen kontzeptu eta adierazte premia berriak. Erantzuna ematea beti dator a posteriori, baina beti ohi dator egoki, kontzeptu horiei egokituko zaizkien euskal ordainak edo euskal ordain aukerak bilatzeko gogoeta egitea. Horixe da hain zuzen Adolfo Arejitak egin duena, Euskadi Irratiko Faktoria saioan, 2019an hasi eta 2022 urtera arte egin dituen kolaborazioetan.
2021eko edizioan Resurreccion Maria Azkue haur eta gazteentzako literatura sarietan sarituak izan diren idazle gazteen narrazio eta olerkiak.
Liburuak hiru sail nagusitan bana daitezkeen zazpi parte dauzka. Lehenbiziko hiruretan Euskal Herriko numenei eta haien izenei buruzko datuak, iritziak eta haien eskutik osa daitekeen aierua jakitera ematen dira. Hurrengo hirurak onomastikaren alorrekoak dira bete-betean. Preseski, laugarren kapituluan teonimiaren eta toponimiaren arteko harremana jorratzen da batez ere, eta bosgarrenean gure aurretik jainko izenak erabili dituzten ikertzaileek egindako zenbait proposameni ikusten zaizkien eragozpenak adierazten dira. Seigarrenean zenbait etimo proposatzen dira. Amaitu aitzinetik, ondorio orokor batzuk biltzen dira.
Lana dialektologia historikoaren esparruari dagokio, beraz, eta mendebaleko euskara zaharra du aztergai; zehazki, Erdi Aroan Euskal Herriko mendebalean zeuden ezaugarri eta zatiketa lektal nagusiak ditu aztergai, Lakarrak (2014 [2011]) Mendebaleko Euskara Zahar deitutako unitate linguistikoaren nondik norakoak.
Euskaltzaindia burutzen ari den lan hau Gasteizko udalerriko toponimia historikoari buruzko ikerketa egitasmoaren emaitza da. Egitasmo honetan, hiriburuaz gain, Gasteizko beste 64 herriak ere sartzen dira. Malizaeza, Ubarrundia, Langraiz eta Arratzua lanak argitaratu ziren eta jarraian Dibiña deritzanaren aldia iritsi da. Liburu hau, Dibiña I, merindadearen azterketaren lehen zatiari dagokio eta Abetxuku, Andetxa, Arangiz, Foronda, Lopida, Mendiguren eta Ihurre herrietako toponimia biltzen du.
Argitalpen honen helburu behinena da Henrike Knörren dimentsio zabala eskaintzea, lehen eskutik egina gainera, bitartekorik gabe, berak idatzitako testuen bilduma adierazgarri bat argitara emanez.
Liburu honek bi zati edo atal nagusi ditu: azterketa eta hiztegia. Azterketaren zatian Lizarragaren bizitzaren nondik norakoak, bere obra, erabilitako idatzizko iturriak eta zerabilen lexikoaren azterketa filologiko eta dialektologiko xeheak bildu ditugu. Hiztegian, aldiz, JMSBtik hautaturiko hitz eta aldaerekin, 1.509 sarrera sortu ditugu.
Hedadura txikiko hizkuntzen XIV. mendetik XXI. mendea arte doan epean eskuz idatzi edo inprimatu diren testuak espazioarekin, denborarekin, geografiarekin eta, zabalago harturik, beren transmisioarekin eta kultura menperatzaileekin ukan duten harremanari buruzko galderak egitea da liburu honen helburua. Azterketa andana honen helburua ez da exhaustibotasuna, baizik literatura- eta hizkuntza-eremu ezberdinak markatzea, estatuen historia formatuetan konbentzio harroetarik haratago bidaiatzea posible izan dadin. Testu horiek mugikorrak eta itzulgarriak direlarik, inguruko geografietara migratuz doaz, eta baita haratago diren hizkuntza-eremuetara ere. Jatorriz beste hizkuntzatan idatzi testuak hedadura txikikoak eta, anitzetan, ikusiezinak diren hizkuntzetara itzultzen direlarik, itxuraz aldaturik jiten dira bueltan, espeziaz kargaturik balira bezala, beren iraunkortasun hauskorra segurtatu duen promesaz beterik.
Estrategikoa da eskolan, hezkuntzan, egitasmo eraginkorrak bideratzea gero eta eleaniztunagoak diren ikasleen artean. Liburu honekin aztertu nahi izan dugu nolako egoera duen euskarak Nafarroako hezkuntzan. Nola kudeatzen den eleaniztasuna ikastetxeetan orain eta etorkizunean nola egin beharko litzatekeen, zein erronka eta aukera berri dituen euskarak gela barnean eta gelatik kanpo, eta zein egitasmo ari diren garatzen ikasgelan eta eskolaz kanpoko ekintzetan.
Socarros euskaltzalearen ekarpenak azalduko ditugu nagusiki, baina abertzalearen ikusmoldeak eta egintzak ez ahanzteko Allanderi egin zizkioten elkarrizketa batzuk berrargitaratzen ditugu, bai eta ezagutu zuten lankide eta adiskide zenbaiten lekukotasunak ematen ditugu. Horiei esker, egin duenaz gain, Allanderen nortasun konplexu, nekaezin eta hunkigarria deskubrituko dugu.
Blanca I.aren erreinaldiak (1425-1441) eragin handia du gure historian, nahiz erregina umila izan zen, umilegia Juan II senarraren eretzean. Historiako bihurgune nagusi batean gertatu zen, eta bihurgune hori areagotu zuen bere uzkur eta herabeaz, senar aseezinari Nafarroako hazkurrien ateak irekiz. Urrats hori ez zen gure onerako gertatu, gizon bortitz eta maltzur horrek euskal erresuma zaharra galbidean sartu baitzuen bere gerla pribatuez, botere goseaz eta jukutriez. Jean-Louis Davantek Blanca I.aren erreginaldia bere denborako giroan kokatzen laguntzeko sarrera historiko sakona egingo du lehendabizi, eta hau irakurri ondoren irakurleak hobeto ulertuko ditu trajedia bera eta bertan parte hartzen duten pertsonaia historikoak.
Txomin Peillen Pariseko Montmartre auzo bohemioan jaio zen 1932an. Guraso zuberotarrak zituen eta gazterik hasi zen euskal literaturaz arduratzen, batez ere Parisen erbesteraturiko euskaldun abertzaleen ezagutzaren ondorioz. Horien artean Andima Ibinagabeitia elantxobetarra aipatu behar. Berantago, Andimak Hegoamerikara alde egin eta bertan euskal testuak argitaratzeari ekingo dio, Hego Euskal Herrian ez baitago horretarako aukerarik. Garai hartan euskal letra modernoen aitzindariak ezagutuko ditu Peillenek: Jon Mirande, Gabriel Aresti eta Txillardegi. Espainiar literaturarekiko ezagutza ere Parisen izan zuen Txominek. Kasu honetan, Odéon auzoan, espainiar errefuxiatu anarkistak La Española liburu-dendan antolatzen zituzten hitzaldi eta eztabaiden ingurumarian. Hiru dira beraz Txomin Peillenen hurbileko kultura eta mintzairak: euskara, frantsesa eta gaztelania. Hiru hizkuntza horietan idatzi ditu bere olerkiak, liburu honetan aurkezten dizkigunak, denak hiru hizkuntzetan eta horretarako, jakina, itzulpenak egin behar izan ditu.
Jean Elizalde Zerbitzari (1883-1961) Azkainen jaio zen apaiz, euskaltzain eta euskal idazlea izan zen. Liburu honetan Jabier Kaltzakorta euskaltzainak Zerbitzariren bizitzaz pintzelada sakonak eskaintzen dizkigu eta, halaber, eta horretan datza argitalpen honen balio nagusia, bere idatzien hautaketa bat ondu eta aurkezten du. Lanen antologia gai eta garai jakin batzuen arabera egituratu du Kaltzakortak: Gerla Handia (1914-1918), Bidaia-kronikak, Etienne Pellot itsas-pirata, Erlijio lanak (Théophane Vénard, San Frantses Xabier) eta Euskal pilota. Halaber, Zerbitzarik idatzi zituen bost artikulu eta bederatzi ipuin hautatu eta aurkezten dizkigu Kaltzakortak.
Euskararen normatibizazioak, XXI. mende honetako lehen laurdena bukatzear dagoela, berebiziko osagaiak ditu, aldiak aldi. Hartara, Euskaltzaindiak, bere inguruan bildu ditu euskal hizkuntzaren partaide diren hainbat aditu esanguratsu, helburu zehatz batekin: zer egin den eta zer dagoen eginkizun, bi horien artean gogoetatzeko, jakinik, hori bai, hizkuntza egunero moldatzen dela gizartean, hiztunek euren hartu-emanetan erabiltzen dutenean.