Kokapena:
40.11a Orain arte aztertu ditugun molde guztiek partizipioa zuten oinarrian, batzuetan postposizio itsatsi bat gehituz (-ta, -rik, -z), beste batzuetan postposizio aske bat gehituz (-tu ahala, -tu arau, -tu ezinda, -tu gabe…). Halakoak dira moduzko perpaus jokatugabeetan ohikoenak, zalantzarik gabe. Badira, ordea, aditz izena oinarritzat hartzen duten moldeak ere: -tzeke/-tzaka; -tzeko moduan/eran/gisan/maneran; -tzeko zorian; -tzearekin/-tzeagaz; -tzekotan.
40.11b -tzeke (-tzaka, -tzeka). Ezezko forma nagusitzat -tu gabe eta -tu barik postposiziodun formak jaso ditugu partizipioan oinarritutako egituren barnean. Hegoaldeko zenbait esparru geografikotan, badugu -tzeke molde ezezkoa ere, haren baliokide dena: Hau amaitzeke dago; Lanak egiteke zenituen gaur goizean ikusi zaitudanean. Hegoaldean, mendebaldeko euskaran eta mendebaldera jotzen duen erdialdeko euskaran erabiltzen da, ahozko nahiz idatzizko tradizioan. Forma nagusia -tzeke da, eta hori da hizkuntza estandarrean gehien erabiltzen dena, baina baditu bestelako aldaerak ere: ugariak dira tradizioan molde hau -tzaka edo -tzeka formetan agertzen den adibideak. Gatozen literatur tradizioko adibide batzuk jasotzera:
[-tzeke]: Sakela ez hustutzeagatik-edo, hor zaudek lehortea baino elkorrago porru-landare bat bera ere beren bizitzan emateke (Etxaniz); Eta, dena dela, ekarri lehenbailehen, armek duten pisua eta nekea ezin eraman baitaitezke sabela gobernatzeke (Berrondo); Lortu al daiteke edozein gogo-gauza bakartasunaz maiz elikatzeke (Txillardegi).
[-tzaka]: Honetan nagitxo zebiltzala ikusirik, aingeruek Lot, honen emazte, eta bi alabak eskutik oartzaka hartu, eta hiriaz kanpora atera zituzten (Lardizabal); Wolfio gau guzti hartan geratzaka jardun, eta egunsentirako prest zegoen (G. Arrue).
[-tzeka]: Guztiak ziran edataile amorratuak eta egunik galtzeka, gaberako erdi txilibrizkauta argi-argi joaten ziren etxerantz (San Martin).
40.11c -tzeko + postposizioa (-tzeko moduan/eran/gisan/maneran). Postposizio batzuek, aditz jokatuari erantsirik (-en eran; -en gisan; -en bezala; -en moduan eta abar) konparazioa bideratu dezakete. Postposizio horiek lot dakizkioke forma jokatugabeari ere, gehienetan [aditz izena + ko] moldeari. Hala sortzen zaizkigu -tzeko eran, -tzeko moduan, -tzeko gisan eta -tzeko maneran. Zer eratako perpausak dira horiek? Lan honetan perpaus osagarrien atalean sartu ditugu (§ 30.7); han esan dugu postposizio horiek gobernatzen dutela aditz izenarekiko adizkia, eta irizpide formal hori erabiliz aztertu ditugu han. Hala ere, izan lezakete moduzkoen interpretazioa ere, adieraz hala baitira: nolakotasuna adierazten dute nolabait, eta horren arabera sail honetan ere balukete lekua. Hemen bakoitzaren adibide bakan batzuk bilduko ditugu eta irakurlea perpaus osagarri izenlagunetara bidaliko dugu (§ 30.6.4). -tzeko moduan/eran moldeak nagusiki mendebaldean erabiltzen dira, eta -tzeko gisan eta -tzeko maneran bereziki ekialdean:
[-tzeko moduan]: Irakurri zuen letraduak erregela, eta harriturik lehenaz gainera, esan zuen ingurukoek aditzeko moduan (Beobide).
[-tzeko eran]: Edanaren kontua: seiehun urtean hain beneragarria izan zen gizona jartzen da guztia erauntzirik, agerturik, eta lotsatzeko eran, eta bere umeetatik batzuek iseka egiten diotela (Agirre Asteasukoa).
[-tzeko gisan]: Ihardetsi zuen beraz han ziren guziek entzuteko gisan: “Lurraren gainean hedatua den Eliza guziaz behar naiz orhoitu…” (Joanategi).
[-tzeko maneran]: Eta geroztik hemen naiz, erraiteko maneran, euskaldun bakarra (Xalbador).
40.11d -tzeko zorian. Aditz mendekoaren gertaera bukatzeko unean edo bukatzetik hurbil dagoela adierazteko erabiltzen da molde hau. Semantikoki, beraz, -tu hurran moldearen baliokidetzat jo daiteke435. Patu txarra adierazten duten aditzekin erabiltzen da batez ere: hil, ito, hondatu, galdu, amildu, erotu, lehertu, erori, hondoratu… Batez ere Hegoaldeko tradizioan erabili izan da molde hau: Kristautasuna hondatzeko, itotzeko, galtzeko zorian zebiltzan (Larramendi); Hiltzeko zorian edo perilean jartzen bada (Ubillos); Ez du ikusten nola aurkitzen den betiko su eta garren artean amiltzeko zorian (Agirre Asteasukoa). Iparraldeko tradizioan Duvoisinek, Haranederrek, Mirandek eta Xalbadorrek baizik ez darabilte -tzeko zorian forma: Urkhatzeko zorian balinbanintz (Duvoisin); Haren bizia zena galtzeko zorian ez ifintzeko (Mirande). Aditzoinean nahiz partizipioan oinarritutako moldea ere erabili ohi da, nahiz gutxiago: Goethek, nonbait Ortegak dioenez, aurkitu omen zuen, maiteminak leher zorian zeukanean, ordezkoa bere buruari eman behar zion tiroa hartzeko: Werther gizagaixoa (Mitxelena); Amorratu zorian / igeska hasi da (Etxagarai). Molde hau erabiliz esapide eginak, lexikalizatuak ere osatzen dira zenbait aditzekin: Etxekoren bat hil zorian denean… (Etxaniz).
40.11e -tzearekin/-tzeagaz. [-tze + a + rekin] moldeko mendeko perpausen balioa nagusiki denborazkoa da. Hala ere, moduzko kutsua ere izan dezakete inoiz. Hona hemen zenbait adibide: Gezurra esatearekin ez da ezer konpontzen; Presaka ibiltzearekin ez duzu ezer aurreratuko; Lasterka egitearekin ez duzu atzerapena kenduko; Zerua ez da hitz hutsekin irabazten, ezpada Jaunaren aginduak gordetzearekin (Lardizabal). Nolanahi ere, esan behar da balio honetan ohikoagoa dela -tu(a)z atzizkiaren bidez osatutako egitura (gezurra esanez; presaka ibiliz; lasterka eginez).
Mendebaldean -tzeagaz forma erabiltzen da: Negar egiteagaz, pentsatu eban kolkorako, ez dot irabazten ezer (F. Bilbao); Beste batzuk, au larregi iruditu-ta, oar bat bidaltzeagaz naikoa zala uste eben (F. Bilbao).
40.11f -tzekotan. [-tze + ko + tan] moldeak, besteak beste, baldintzazko, denborazko eta helburuzko balioa har dezake. Nolanahi ere, badirudi zenbait kasutan modu-kutsua ere izan dezakeela, eta horregatik jaso dugu hemen. Ezin uka honako bi adibide hauek badutela moduzko kutsua, helburuzkoaz gain: Artzainak artoski jarraiki behar du erditzekotan diren ardiei, eta antxuei bereziki (Duvoisin); […] eta apur batez, gelditzekotan ere izan nintzela gizona urrunduxe artean (J. B. Elizanburu).
435 Kontua da -tu hurran (hurren) moldeak ez dituela mendeko perpausak osatzen: berez, egitura hau hartzen duen aditzak ez du argumenturik hartzen, egitura eginak dira, [aditz partizipioa + hurran] egitura soila dutenak. Horregatik ez ditugu moduzko mendeko perpausetan sailkatu. Hona adibide batzuk: Zeren akabatu hurran da eguna, behititu da eguzkia […] (Axular); Jadanik hil hurren zen komentu azpian (Hiribarren).