37.4.3a Helburua gauzatzeko perpaus nagusiak dioena nahitaez bete behar dela ematen dute aditzera -tzekotz eta -tzekotan formekin eginiko perpausek, nagusian behar edo nahitaez bezalakoak ageri direnean (Kurtsoa {gainditzekotz ∼ gainditzekotan}, gehiago ikasi beharko duzu). Helburua eta beharra jartzen dituzte erlazioan egitura horretako perpausek. Honela parafrasea daiteke, hain zuzen, adibideko esaldia: ‘kurtsoa gainditzea baldin baduzu helburu, gehiago ikastea ezinbestekoa duzu’ (§ 34.2).
Horien parekoak dira, bestalde, baldintzan -ko aspektuko adizkia eta ondore perpausean beharra aipatzen duten baldintzazko perpausak: Kurtsoa gaindituko baduzu, gehiago ikasi behar duzu; Lanera garaiz iritsiko bazara, autoz edo trenez joan beharko duzu; Badaukat nik horren beharra egunero ogia jango badut (Arratibel). Ondore perpausak aipatzen duen gertakaria nahitaez bete behar dela adierazten dute esaldi horiek ere. Baldintzazko forma, baina helburuzko esanahia dute.
37.4.3b Ikusten denez, baldintza-ondorio harremana ohiko baldintzazkoetan ez bezala gertatzen da esaldi hauetan: ondore perpausean aipatzen dena dator aurrena, eta haren ondoren, berriz, baldintzazko perpausak aipatzen duena —‘kurtsoa gainditzea’ ikastearen ondokoa da, lehen adibidean—; formalki baldintza denak ondorioa adierazten du, eta formalki ondore denak baldintza.
Helburuaren eta gertakari nagusiaren arteko inplikazioa indartsuagoa da perpaus hauetan helburuzko arruntetan gertatzen dena baino. Batetik, perpaus nagusiko edo ondore perpauseko behar modalak indar berezia ematen dio esaldiari, eta, beste alde batetik, etorkizuneko baldintzazko forma edo {-tzekotz ∼ -tzekotan} formak erabiliz, behar hori baitezpadakoa dela seinalatzen da. Alderatu hiru esaldi hauek:
– Hiztegia erosi du, ingelesa ikasteko.
– Hiztegia erosi behar du, ingelesa ikasteko.
– Hiztegia erosi behar du, ingelesa {ikasiko badu ∼ ikastekotz ∼ikastekotan}.
Lehenbiziko esaldian gertakari bat aipatzen da —‘hiztegia erostea’, alegia— xede bat duena —‘ingelesa ikastea’—; bigarrenean, gertakari hori xedea lortzeko beharrezkoa dela esaten da; eta hirugarrenean, areago, nahitaezkoa dela (§ 34.10c).