36.5.1a Aurreko atalean ikusi ditugun formek baino modu azkarragoan seinalatzen dute beste forma batzuek aldiberekotasuna, ondoko adibideak konparatuz ikus daitekeen moduan: Polizia agertzean, korrika hasi dira manifestariak – Polizia agertu orduko, korrika hasi dira manifestariak. Aldiberekotasun estua adierazten duten forma hauekin eginiko perpausa unekoa izaten da, erdiespenekoa (sartu deneko) edo gauzatze burutukoa (egin dueneko); egoera edo jarduerakoa bada, haren une bat hartzen da kontuan: Sendatua dagoen bezain laster, etxera bidaliko dute esaldian, esate baterako, ‘sendatua egotearen’ hasierako unea da seinalatzen. Perpaus nagusia, berriz, unekoa edo iraupenekoa izan daiteke, eta horrek zehazten du perpausaren balioa. Hura unekoa bada, aldiberekotasun sekuentzial estua adierazten da, hau da, ‘berehalakotasuna’: Sartu deneko, hizketan hasi da; iraupenekoa bada, berriz, ‘jadanik’ baden egoera edo jarduera adierazten da: Sartu deneko, zain zeuden lagunak.
Mota honetako aldiberekotasuna adierazten dute honako forma hauek: -ko atzizki adberbialarekin eginiko -neko, -tzerako eta «{-n ∼ -tu} orduko» formek (etorri deneko; hura etortzerako; etorri den orduko), batera adberbioa duten «{-naz ∼ -tuaz} batera» eta «{-narekin ∼ -tzearekin} batera» formek (sartu denaz batera; etortzearekin batera), laster adberbioa duten «{-n ∼ -tu} bezain laster» eta «{-netik ∼ -nik} laster» formek (etorri den bezain laster; etorri bezain laster; joan zenetik laster), eta «-tu eta {berehala ∼ laster ∼ batera}» formek (etorri eta berehala; sartu eta laster; jan eta batera).
Lehenbizikoak adiera bietan erabiltzen dira, berehalakotasunari dagokionean nahiz jadanekoan; batera adberbioarekin eratuak berehalakotasuna adierazten dute batez ere, baina jadanekoa ere adieraz dezakete inoiz; azken biek, berriz, berehalakotasuna baizik ez dute adierazten.
36.5.1b Hala, bada, -neko forma adberbialak berehalakotasuna adierazten du, perpaus nagusiko gertakaria ere unekoa denean: Bere onera etorri zeneko, jaiki eta korrika hasi zen lasterkaria; jadaneko egoera edo jarduera, berriz, hura iraupenekoa denean: Suhiltzaileak iritsi zireneko, kiskalita zegoen etxola. Lehenean, (orduantxe) berehala erantsi daiteke, eta jadanik bigarrenean. Aukera biak dira, halaber, errepikatzea edo ohitura adierazten denean ere (Partida bat amaitzen zuteneko, beste bati ekiten zioten eta Uda heltzen deneko, prest izaten ditugu hondartzako zerbitzuak, hurrenez hurren). Perpaus nagusia geroari dagokionean, geroaldikoa edo agintera delako, mendekoa aspektu burutugabean eman daiteke: Lagunak etortzen direneko, han izango gara gu. Aldaerak: -nerako, Hegoaldekoa (Partida hasi denerako, beteak ziren harmaila guztiak), -nekotz(at), -neko(t)xe.
Forma honen balio prospektiboaz, ikus § 36.7.3 (Ura sartu dut motxilan, egarritzen naizeneko). Forma honekin sortua da, bestalde, dagoeneko adberbioa, hizketa unean zerbait jadanik gertatua dela adierazten duena, ikus § 35.2.13e.
Bestelakoa da, jakina, leku-denborazko izen ardatza izanik izenlagunen -ko atzizkia daraman erlatiboa (Hura sortu zeneko urtea; Hori ez da gurean agertu joan deneko aspaldian), § 31.4.3.8d.