Kokapena:
34.9a Partizipioari ezean erantsita ere ezezko mendeko perpausak osatzen dira, eta batzuetan baldintzazko balioa izaten dute (Garaiz joan ezean, ez duzu partidarako sarrerarik lortuko; Guztiok elkartu ezean, ez dugu ezer aurrera ateratzerik lortuko), bereziki Gipuzkoan eta orokorrean mendebaldean, baina egitura honek aurrekoak baino tradizio laburragoa izan du. Aurreko adibideak adizki jokatuarekin ematen hasita, ‘garaiz joaten ez bazara’ edo ‘guztiok elkartzen ez bagara’ erabiliko genituzke.
34.9b Baldintza errealetako aspektu balioei dagokienez, -tu ezik aztertzean esandakoak balio du honako ere. Adiera erreala dutenetan gehienetan hasi gabeak diren gertakariak aipatzen dituzte (Gehiago saiatu ezean, ez duzu helburua lortuko), edo balio generikoa dutenak, denboran kokapen zehatzik gabeak (Euria egin ezean, uztak galdu egiten dira). Aldiz, ezin da erabili gertakari burutuak dituzten baldintzazko perpausak adierazteko (Ibañetan elurrik egin ez badu autoz joango gara adierazteko ezin da erabili *Ibañetan elurrik egin ezean…), une horretan dagoeneko hasiak diren gertakariak baldintza modura emateko (Une honetan lanean ari ez bazara, etorri nirekin zinemara ezin da esan *Une honetan lanean aritu ezean…), edo partizipio prospektiboa duten adibideen ordain modura (Goseak hilko ez bagara, gehiago saiatu beharko dugu ezin da ordezkatu *Goseak hil ezean… bezalakoekin). Eta baldintza irreala adierazteko ere, -tu ezik dutenen jokabide bera azaltzen dute.
34.9c Salbuespena adierazteko ere erabiltzen dira -tu ezean duten adibideak, gehienetan izan aditzari erantsita (Zinemara izan ezean, ez da etxetik irteten), baina tradizioan -tu ezikekin baino adibide gutxiago azaltzen dira. Beste batzuetan, ezean partitiboan doan osagai bakar batekin joaten da (Brotxarik izan ezean, nola margotu horma?), batzuetan izan aditza gabe (Melodiarik ezean, ez da inprobisatzeko gai). Askotan gabezia-edo adierazteko erabiltzen da, era orokorrean, eta egoera hori uler daiteke baldintzazko modura, moduzko balioarekin… eta, beraz, zail gertatzen da zehazki sailkatzen. Eta ildo horretakoak dira besterik ezean (Besterik ezean, kale-garbitzaile lanari heldu beharko diot; Besterik ezean, zinemara joango gara), beste X-ik ezean, hoberik ezean… bezalako esapideak ere.