26.1.7a Euskaraz numero komunztadura ere agertzen da adizki jokatuan. Gorago ikusi bezala (§ 26.1.6), adizkiak NOR argumentua lehen edo bigarren pertsonakoa den islatzen du pertsona marken bitartez; alabaina, NOR argumentua gu, zu, eta zuek delarik, pertsona markaz gain pluralgilea ere beretzen du adizkiak. Hauek dira NOR sintagmaren pluralgileak:
– -z(ki): zaigu vs zaizkigu (jatorrian -ki datibo markatzailea izanagatik, ematen du -zki pluralgilearen parte gisa berranalizatua dela)
– -z: doa vs doaz
– -tza: dabil vs dabiltza
– -it-: nauzu vs gaituzu
26.1.7b Hirugarren pertsona singularra eta plurala bereizteko, -(t)e pluralgilea erabiltzen da, hirugarren pertsona hori NORK (esan du / esan dute) eta NORI denean (esan dio / esan die). Baina ez da pluralgile horren erabilera bakarra, zu eta zuek pertsonen adizkien bereizteko ere erabiltzen baita (ekarri dizut / ekarri dizuet; egin duzu / egin duzue; zabiltza/zabiltzate; zenuen/zenuten), baita NOR pertsona zenbaiten pluralgile gisa ere: dago/daude; hago/zaude.
26.1.7c Adizki askok pluralgile bat baino gehiago dute pertsona beraren pluraltasuna markatzeko. Adibidez, -z ager daiteke -ke modu markaren aitzinean -it- pluralgilea indartzeko: egingo luke / egingo lituzke (eta ez **egingo lituke); ikusi ditu / ikusi dituzke. Gisa berean, *edin-en adizkietan -z eta -te- batera erabiltzen dira: zaitez, gaitezen, daitezen. Zalantzarik gabe, -it- eta -te- pluralgile zaharrak ihartu arau pluraltasuna berriz markatzeko beharra sentitu dukete hiztunek. Orobat, NORK 3. pertsona pluralekoa delarik, -te/-zte txandaka daude NOR singularra den edo plurala: naute, haute, dute vs zaituzte, gaituzte, dituzte.