23.2.1.3.2a Eginen ondoan, maiztasun txikiagokoak izanik ere, badira eman eta hartu aditzekin osatutako lokuzioak ere: abisu eman, adore eman, aholku eman, amaiera eman, amore eman, antz eman, arrazoi eman, atsegin eman, aukera eman, beldur eman, berri eman, buru eman, fede eman, kasu eman, kontu eman, lur eman, meza eman, min eman, musu eman, nazka eman, pena eman, su eman; arnasa hartu, atseden hartu, esku hartu, hats hartu, kargu hartu, kontu hartu, lo hartu, mendeku hartu, min hartu, parte hartu, su hartu, usain hartu…
Hauetan ere lehen osagaia gehienetan determinatzailerik gabeko izen soila izaten da, baina determinatzaile eta guztikoa ere izan daiteke (are plural markaduna): animoak eman, beldurra eman, eskerrak eman, etsia hartu, lanak eman, bide(a) eman, kontuak eman… Baina determinatzailea finkatua dago, ez dago aukerarik beste determinatzaile bat aukeratzeko.
Ergatibo sintagma ere izan daiteke lehen osagaia: buruak eman, bihotzekoak eman. Hemen sar daiteke aurreraxeago determinatzaile sintagma edo postposizio sintagma lehen osagai dutenen artean sartu dugun gogoak eman ere (§ 23.2.1.3.3).
23.2.1.3.2b Lokuzio hauetako izen osagaiak ere eginekin osatzen diren lokuzioetakoen ezaugarriak ditu: lekuz alda daiteke (hau da, mintzagai hanpatugabe gisa eman daiteke), partitiboa har dezake eta abar. Gauak ematen dit beldur; Egizu kontu; Besoak ez zion jada minik ematen (I. Mendiguren).
23.2.1.3.2c Batzuetan, izen bera izanik, egin nahiz eman aditzekin osa daiteke lokuzioa, esanahia aldatu gabe: atsegin egin / atsegin eman, min egin / min eman, errieta egin / errieta eman. Beste batzuetan, ostera, esanahi desberdina dute lokuzio batek eta besteak: ikara egin / ikara eman.
23.2.1.3.2d Lokuzio hauetako aditzen esanahia, funtsean, eman eta hartu aditzen esanahi bera da (edo oso gertu dago, behintzat). Hortaz, ezin esan dezakegu eginen pareko aditz arinak direnik. Aditzaren argumentu egitura bera du lokuzioak ere: egilea edo arazlea adierazten du eman lokuzioetako subjektu ergatiboak; esperimentatzailea, aldiz, hartu lokuzioetakoak: min eman zidan irainak / batek edo bik min hartu zuten orkatila arroketan bihurrituta (K. Izagirre). Horregatik ez da harritzekoa mota honetako bikoteak aurkitzea: atsegin eman / atsegin hartu, esku eman / esku hartu, hats eman / hats hartu, min eman / min hartu.
23.2.1.3.2e Eman eta hartu aditzekin osatzen diren lokuzio gehienek modu bateko edo besteko jarduerak adierazten dituzte: jarduera fisikoak (arnasa hartu, hats hartu), psikologikoak (amore eman, atentzioa eman, atsegin eman, atsegin hartu, etsia hartu, min eman, min hartu), pertsonen arteko harremanekin zerikusia dutenak (aurpegi eman, bizkarra eman, errieta eman, eskerrak eman, fede eman, kargu hartu, kontu(ak) hartu, musu eman…). Beste batzuek ekintza baten hasiera edo amaiera adierazten dute: azkena eman, buru eman, hasiera eman, gaina hartu (Zabala 2004).