21.8.1a Azkenerako utzi dugu -ko postposizioa. Izan ere, -ko postposizioa ez da, berez, orain arte aztertu ditugun postposizioen modukoa: ez da, adibidez, -n inesiboa bezala, leku/denborazkoa, ez eta ere -gatik bezalakoa, nahiz eta leku/denborazko PSak eta leku/denborazko ez direnak hartzen dituen osagarritzat. -ko postposizioa beste PSei erants dakieke: Datorren urte-KO planak; Herrien askatasunari buruz-KO galderak; Zuregana-KO nire jarrera… PS ez direnak ere hartzen ditu osagarri: Itxura one-KO sagarra; Bost kilometro-KO ilarak…
21.8.1b Aurreko kapituluan izan dugu hizpide [PS -(RA)KO] adlatiboa (§ 20.3). Beste begiradatxo bat eman behar diegu oraindik -kodun sintagmei. Adlatiboak aditz baten osagarri edo adjuntu gisa aurkeztu ditugu. Alde horretatik, -ra, -raino, -rantz eta -(ra)ko pareko postposizioak dira. -koren historia, ordea, ez da hor amaitzen. Izan ere, [PS … -KO] PSa, aditz bati atxikia ez ezik (Gazta iganderako gordeko dut), izen bati atxikia ere eman daiteke: Igande(ra)ko gazta bihar erosiko dut. Aipatu ditugun lau adlatibo horiek joan daitezke izen bati atxikiak ere. Horretarako, ordea, -ko postposizioaren laguntza behar dute: etxe(ra)ko bidea; Erromarainoko bidaia; goranzko abiadura…; -ko hau beste PS askori ere eransten zaie, leku/denborazko nahiz bestelako izan: Erromaraino iritsi da diogunean Erromaraino PSa nolabait adberbiozkoa-edo da eta aditz bati atxikia ematen dugu. Berdin, Zurekin nago; Hemen jaio zen; Gero etorriko naiz; Beldurrez bizi da… diogunean. Baina holakoak izen bati atxikiak joatea nahi dugunean, -koren laguntza nahitaezkoa da: zurekiKO, hemenGO, geroKO, beldurrezKO… Beldurrez edo gaur adberbiozkoak badira, hauetatik eratorritako beldurrezko, gaurko eta abarrak adjektibozkoak direla pentsa liteke, nolabait: beldurrezko film bat eta film beldurgarri bat parekoak dira hein batean. Eta parekoak dira, halaber, beldurrez-ko eta ikaragarri.