13.10.7.4a Edozer eta zernahi, berriz, izenordain gisa nahiz determinatzaile gisa erabiltzen ahal ditugu, betiere ezaugarritzat (-pertsona) tasuna dutelarik: Orain edozer (gauza) jango nuke; Batzuk, edandakoan, zernahi (astakeria) esaten dizute.
Bigarrenak, zernahi-k alegia, tradizio luzea du eta ongi dokumentatua da Iparraldean, XVII. mendearen erdi aldetik.
13.10.7.4b Bakarrik ageri da: Egoera ikaragarri hau baino bertze zernahi hobe dela (Oronoz); Zernahi gertatzen ahal da baketzera etorri omen zareten lurralde dorpe honetan (Montoia).
13.10.7.4c Izen baten edo aditz baten ezkerrean (orduan ‘edozer gauza’ adierazi nahi du): Opor sainduetan gaudelako, eta opor sainduetan, itxuraz, zernahi diru xahutzea libro delako (Epaltza); Zeren eta ene desohoreak, ni hain ezaguna naizen aldetik, eskandalua ekar liezaioke zernahi jenderi (Xarriton); Nornahik zernahi obra zezakeen lurraldea (Borda); Erotu ginen biak orduan, eta zernahi erran genion zaintzaileari (Bidart).
13.10.7.4d ‘Asko, izugarri’ adierazi nahi du batzuetan: Zernahi sufrituz desmozkortzen ari nintzen bitartean… (Landart); Palestinago jendeak zernahi jasaten duela salatzeagatik… (Herria); Zernahi dela, gain haietan euskaldunak aipatzen gaituzten ber, oraino bizi garelako seinale da (Xarriton).
13.10.7.4e “… dela” esamoldeak lagundurik ‘dena dela’ esan nahi duela: Zernahi dela ere, handik gutxira, nigandik aldaratzera behartzen zuen afera batez oroitze irudi bat egin zuen (Jon Muñoz); Garbi ikusten da, bada, zernahi dela ere (Aldasoro); Zernahi gisaz, inon izatekotan, goiko jangela txiki horietan izan behar zuten biltokia (Epaltza); Goxoa bezain samina, baina zernahi gisaz ezin ahantzia (Dirassar).
13.10.7.4f Batzuetan instrumentalean hartzen du osagarria: Eramaten bazuen Apanizera, diruz zernahi emanen ziola (Barbier); Eta bazen eri eta kolpatuz zernahi bai etxeetan bai karriketan (Narbaitz). Badira zernahi pairatu, jasan, sufritu bezalakoak ere: Etsai batenganik zernahi sofritu nukeen; baina adiskideetarik… (Etxeberri Sarakoa).
13.10.7.4g Eta ‘gaizki pasatzea’ hola adieraz daiteke: Artzainek artaldeak nahastera utzi zituztela: zernahi ikusi zutela zein zeinena ezin bereiziz (J. Etxepare); Hantxet zortzi egunez eritua egon ere zen, medikuak zernahi ikusi baitzuen hura ezin sendatuz (Barbier).
13.10.7.4h Kontzesiozko perpausetan (ikus 39. kapitulua): Esperantzarekin zernahi eskasia, huts, eta falta ene aldetik izan dadin, haiek guztiak hauen karitate handiak estaliko dituela (Etxeberri Sarakoa); Gauzak […] eta direlako gauzen irudi-gogoetak dira adierazle horiek gogorazten dizkigutenak: zernahi diren, oroimen-irudimenetan ditugu (Mitxelena).
Kontzesiboak ere-rekin ere arruntak dira, eta arren-ekin: Hitza eman diot, eni zernahi kostarik ere, Benjamin etxerat itzuliko dela (Zerbitzari); Zernahi ere dela, abokatu batek erranen lizuke hatsapen hori ez dagokiola auziari (Jon Muñoz); Zernahi ere zen, zalapartaka jatetxe barrura oldartu zenean… (O. Arana); Marianak zernahi derran arren, mintzo delarikan euskaldunaz gisa honetan (Etxeberri Sarakoa).