13.10.7.2a Nor edo nor eta zer edo zer ere galdetzaileetatik eratorriak dira. Horietan ere (+perts.) / (-perts.) bereizketa baliagarri gertatzen da, neurri batean bederen. Nor edo nor horrek norbait adierazi nahi du: Beti bada nor edo nor irakurtzen duena; Ate joka sumatu genuen nor edo nor.
13.10.7.2b Horien zentzukidea dugu, bestalde, baten bat ere: Baten batek lagunduko digu = Norbaitek lagunduko digu. Arrunta da tradizioan, batez ere Hegoaldeko testuetan: Gure adineko eta gazteagoen artean baten bati suertatu zaionez sarri aski (Mitxelena); Burugabekeria hori ere entzun behar al genuen? Esan lezake baten batek (Munita). Eta baita bat edo bat ere, hau ere Hegoaldean erabiltzen dena (oso adibide gutxi Iparraldean): Bat edo baten irudimen hegalaria, aldietan hegan eginez (Orixe); Bat edo batek pentsatzen badu… (Txirrita)150.
Horrelakoetan, baten bat edo bat edo bat…, inongo izenik gabe agertzen zaizkigunez, izenordain gisa agertzen dira perpausean, baina bat zenbatzailetik erakarriak ditugunez, determinatzaile zeregina ere bete dezakete izen sintagmaren barnean: Ekar iezadazu liburu baten bat. Honen ordez agian usuago ikusiko badugu ere libururen bat. -en bat izen sintagma mugagabeari erantsirik erabiltzen dugu: Zer ote da zarata hori? —Saguren bat izango da; Nola joango gara Baionara? —Aurkituko dugu autoren bat.
13.10.7.2c Dena dela, mugagabetasuna markatzeko modu bat ematen digute itzuli horiek. Adibidez ume bat esaten badut, ziur dakit umea izan dela ateko txirrina jo duena, adibidez; baina umeren bat esaten badut, gauza ez dago hain garbi: nik ume bat izan dela uste izan nezake, baina beharbada beste norbait izan da. Dena den, partitibo mota bat dela dirudi. Eta askotan ustezko perpausetan erabiltzen da. Zenbatzaileekin ere gauza bera gertatzen da: Bost(en) bat urte zituen, aita hil zitzaionean; Hogei(ren) bat neska izango ziren inguratu zitzaizkionak.
150 Gutxiago erabiltzen da bat edonoren bat: Bat edonoren batek esango zion. Tradizio urrikoa da. Badira bat edon bat, bateon bat… bezalakoak, baina zail da jakitea horren oinarria bat edonoren bat den.