Kokapena:
9.7a Zenbatzaile elkartuen ditugun adibide apurrak dvandva egiturakoak dira: sei-zazpi, zortzi-hamar, hamar-hamaika, hamar-hamabi, hogei-hogeita bost (urte), hirurehun-laurehun (ardi), gutxi-asko. Ikus dezakegunez, gertuko zenbakiak adierazten dituzte elkartzen ditugun zenbatzaileek; nekez esango genuke bi-hamar (????) edo hogei-laurogei (???). Bi osagaien arteko harremanari dagokionez, edo juntagailu hautakariaren bidez eman dezakegu bi elementuen arteko berri, “bi edo hiru”, “hamar edo hamabi”. Horixe berresten dute beste egitura hauek ere: bizpahiru, hiruzpalau, lauzpabost, bospasei.
9.7b Non-zer moduko galde hitz dvandvak ere baditugu gure literatura tradizioan eta gramatikako terminologian, noiz-nongo, zer-nola(ko), nor-nori, nor-nori-nork. Hauetan, aldiz, eta juntagailuak irudikatuko luke galde hitz hauen arteko harremana. Nolanahi ere, emankortasun urrikoak dira bai bata (bi-hiru) eta bai bestea (noiz-nongo). Aitak zer-nola lantzen zuen (J. R. Zubillaga); Bi gorputz aiek gutxi gora-bera non zeuden galdezka, zer nolatan atera bear genitun asmatzearren (I. Alkain eta A. Zavala).
Ez zenbatzaileak eta ez galde hitzak dira ohiko kategoriak hitz elkarketan. Ez dira, beraz, eredu emankorrak.