Konstituzioaren 3. artikuluak sistema juridiko bat ezarri du, zeinak bide ematen baitu gaztelaniaren eta kasuan kasuko autonomia-estatutuetan ofizialtzat jotako beste hizkuntza batzuen arteko hizkuntza-ofizialtasun bikoitzaz hitz egiteko.
Valentziako Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 7. artikuluak hizkuntza koofizial izendatu zuen valentziera, eta adierazi zuen ezen bi hizkuntzen «erabilera normala eta ofiziala» bermatu behar dela. Beste alde batetik, estatutuak berak, 3. artikuluan, adierazten duenez, autonomia-erkidegoaren lurraldeak Alicante, Castellón eta Valenciako probintzietako udalerriena hartzen du; hala ere, estatutuaren valentzierazko edizioak "les provincias d’Alacant, Castelló y València" aipatzen ditu. Beraz, ulertu behar da izendapen horiek koofizialak direla Valentziako Erkidegoaren eremuan. Hori bera gertatzen da “Llei d’Us i Ensenyament del valencià” izenekoan (4/1983 Legea, azaroaren 23koa), V. tituluan hizkuntza baten edo bestearen «nagusitasun linguistiko»ko guneak ezartzen dituenean.
Valentzierazko izendapen horietan guztietan kontuan hartu ziren ohitura, dokumentuetan eta literaturan egiaztatutako historia eta erkidego akademikoak onartutako ortografia-arauak.
Aurrekari horiek guztiak gorabehera, valentzierazko izendapen koofiziala ez da onetsi estatuaren eremuan, apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren aurreikuspenen arabera; izan ere, dekretu horrek 25.2 artikuluan xedatzen duenez, «Gorte Nagusiek onetsitako lege baten bidez soilik alda daitezke probintzien izendapena eta hiriburutza».
Gaiaren erregulazioa koherentziaz jorratzeko, Valentziako Estatutuaren 7. artikuluko 4. apartatua ere kontuan hartu behar da, zeina, lege organiko gisa, estatuko ordenamendu juridikoaren parte baita: «Babes eta errespetu berezia emango zaio valentziera berreskuratzeari».
1. artikulua
Alicanteko probintziak «Alacant» izendapen ofiziala ere izango du.
2. artikulua
Castellóngo probintziak «Castelló» izendapen ofiziala ere izango du.
3. artikulua
Valenciako probintziak «València» izendapen ofiziala ere izango du.
Xedapen gehigarri bakarra
Valentziako Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 7. artikuluaren arabera, Estatuko Administrazio Orokorreko organismoek hiru probintzien izendapena valentzieraz eta gaztelaniaz erabiliko dute.