Uztailaren 17an, Euskaltzaindiaren 90. urteurreneko ospakizun ekitaldia egingo da Bilbon, Akademiaren egoitzan. Egun horretan, Real Academia Española, Real Academia Galega eta Institut d´Estudis Catalans-en Secció Filològica erakundeetako ordezkariak hartuko ditu Euskaltzaindiak, eta eurekin batera ekitaldi akademiko bat burutuko. 90. urteurrena ospatzeaz gain, akademien arteko elkarlana sendotzea du xede ostiralean egingo den ekitaldiak.
Institut d'Estudis Catalans (IEC) 1907ko ekainaren 18an sortu zen Bartzelonan, Antoni Rubió i Lluch lehen presidentea izan zelarik. Erakundeak sail hauek ditu: Secció Històrico-Arqueològica, Secció de Cienciès Biològiques, Secció de Ciències i Tecnologia, Secció Filològica eta Secció de Filosofia i Ciències Socials. Salvador Giner da bere presidentea. Institut-ek ordezkaritzak ditu Perpinyàn, Castellón, Alacanten eta Lleidan.
Sail horietako bat Secció Filològica, da, katalana arautzea eta babestea helburu duen saila, hain zuzen ere. Secció honen presidentea Joan Martí da.