Euskararen euskalki eta hizkera desberdinak ezagutzera ematea xede duen “Euskara ibiltaria” erakusketa zabaldu da gaur, maiatzaren 3an, Bilboko Zabalgune eraikinean.
Erakusketak Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) egitasmoa du oinarri eta eta Euskaltzaindiak, Bilboko Udalak eta Laboral Kutxak antolatu dute. Maiatzaren 27ra bitartean zabalik egongo da. Ekitaldi berean Euskararen Herri Hizkeren Atlasa-ren VII. liburukia aurkeztu du Euskaltzaindiak. Andres Urrutia euskaltzainburuak esan duenez, "hau guztia gure ondarea zabaltzeko auzolanaren emaitza da."
Gaur goizean egin den ekitaldian, erakusketa antolatu duten hiru erakundeotako ordezkariek parte hartu dute: Bilboko Udalaren izenean, Juan Mari Aburto alkateak; Euskaltzaindiarenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Adolfo Arejita EHHAren zuzendari akademikoak; eta Laboral Kutxarenean, Julio Gallastegi zuzendari nagusiak. Eurekin batera, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordea eta Ana de Castro, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria ere bertan izan dira. Dorleta Alberdi euskaltzain urgazle eta kazetariak aurkezpen lanak egin ditu.
Bestalde, hainbat komunikabide erakusketaren babesle diren heinean, horien ordezkariak ere ekitaldian izan dira: Berria, Bizkaia Irratia, Deia, EiTB, El Correo, Gara, Onda Vasca eta SER (Radio Bilbao) dira komunikabide horiek.
Euskaltzainburuak esan duenez, lan honen bitartez Euskaltzaindiak "gizarteari itzularazten dio berak iturri desberdinetatik ematen diguna. Gure ondarea da eta hizkuntzaren normalizaziorako ere balio du. Baina ondareak -gaineratu du- etorkizuna behar du. Honek, Atlasak, euskara batua biziarazten du, herri hizkeretan dagoelako oinarrituta. Beraz, hor dago etorkizuna, hor dago egiten dugun gerorako proiekzioa".
Esan bezala, erakusketaren helburu nagusia euskarak alor desberdinetan (lexikoa, izen-morfologia, aditz-morfologia, sintaxia...) bere lurralde osoan hartzen dituen formak eta aldaketak erakustea da. Hala, bada, erakusketan honako materialak aurkituko ditu bisitariak:
- EHHA egitasmoaren historia laburra (testuak eta irudiak)
- Euskararen bariazioak erakusten dituzten mapak eta hauen interpretazioak
- Euskararen hizkuntz-atlasa lantzeko erabilitako hainbat material: erantzun koadernoak, argazkiak, kaseteak, CDak...
- EHHAk argitaraturiko lanak: zazpi liburukiak, Ohiko mintzamoldeen antologia, CD-ak...
Erakusketa ikusgai dagoen bitartean, Euskaltzaindiak euskalkiei, herri hizkerei eta atlas linguistikoari buruzko hitzaldiak eskainiko dizkie Bilboko hezkuntza-zentroei eta euskaltegiei. Hitzaldion helburuak honako hauek dira: ikasle eta interesdunei gure hizkuntzaren aberastasuna ezagutzera ematea; hizkuntzaren eboluzioa modu grafikoan erakustea; eta atlas linguistikoen nondik norakoak azaltzea.
Hortaz, interesatutik egon ezkero, hezkuntza-zentroek eta euskaltegiek Euskaltzaindiarengana jo dezakete, hitzaldi hauei buruzko informazio eske. Izan ere, Akademiak egutegi zein ordutegi aldetik eskaintza zabala jarriko du zentro horien eskura.
Erakusketa astelehenetik ostiralera egongo da zabalik, goizeko 8:00etatik iluntzeko 20:00etara.
VII. liburukiaren aurkezpena
Erakusketaren zabaltzearekin batera, gaur aurkeztu da EHHAren zazpigarren liburukia eta horrekin batera argitaratu den CDa. Aurrekoak bezala, Laboral Kutxaren babesarekin argitaratu du Akademiak.
Liburuki berriaren lehen atalean baserriaren, etxearen, lur lantzearen, goldearen eta garraiogintzaren eta inguruko edo etxearekiko zenbait kontzeptu landu dira. Adolfo Arejita egitasmoaren zuzendari akademikoak azaldu bezala, “Atlas honen gai esparrua tradizioko munduari eta bizimoduari dagokio bete-betean, eta liburuki honen edukiak ere mundu aberats horretan murgiltzen gaitu lehen partean, berorren esparru batzuetan”.
Liburua baserri-etxe bateko sukaldetik abiatzen da eta horren osagarriak, etxe inguruko edo etxearekiko zenbait elementu edo toki garrantzitsu, sukaldeko tresneria edota ontzi eta tresnak, jorratzen ditu. Laborantzako lanabes asko ere landu dira liburu honetan.
Liburukiaren bigarren partean gramatika kategoria oinarrizko batzuk eta aditzaren inguruko zenbait alderdi, bereziki sintaxiari dagozkionak, landu dira.
Beraz, EHHAren zazpi liburuki kaleratu dira dagoeneko eta guztiak daude kontsultagai, PDF formatuan, Euskaltzaindiaren webgunean (www.euskaltzaindia.eus). Izan ere, seigarrena eta zazpigarrena gaur bertan jarri dira publikoaren eskura.
Horrezaz gain, V. liburukia ikusgai eta entzungai dago webgunean: batetik, liburukiaren testu osoa PDF formatuan irakur daiteke osorik; eta bestetik, lekukoek emandako erantzunak entzun ere egin daitezkeela.
Epe motzean, VI. liburukiaren audioak ere eskegiko dira Euskaltzaindiaren webgunean.
145 herri, 2.857 galdera, grabatutako 4.000 ordu
Euskararen Herri Hizkeren Atlasak (EHHA) ahozko euskararen aldaerak mapetan jasotzea du xede. Egitasmoa 1984an jarri zen abian, galdeketa puntuen sarea, galde-sorta eta lan metodologia finkatu zirelarik. Galde-sorta horrek hizkuntzaren datu guztiak biltzen ditu: lexikoa, fonetika, morfologia eta sintaxia. Datuak biltzeko Euskal Herri osoko 145 herri hautatu ziren. 145 herri horietan eginiko inkestekin 2.400 zinta grabatu ziren. Euskaltzaindiak bildurik dituen grabazioak 4.000 ordutik gora dira (batez beste 27 ordu herriko).
2010ean kaleratu ziren I. eta II. liburukiak. Lehenak honako gaiak jorratzen ditu: intsektuak, itsas arrainak, ibai arrainak eta ibai arrantzako tresnak, narrastiak eta urpekoak, txoriak, basa animaliak eta ehizako arteak, eguzkia eta zerua, eguraldia, elurra eta hotza.
Bigarren liburukian aztertu eta landu ziren esparruak hiru dira: denbora kronologikoa, topografia eta landaretzaren lehen atala. Denborarenean, esaterako: astearen egunak, hilabeteak, urte sasoiak eta urteak, eta euretariko bakoitzaren parteak landu dira; baita oraingo, lehengo eta geroko denbora-unitateak ere.
Hirugarren liburukian (2011n argitaratua) tradizioko bizimodu eta ingurumenaren inguruko gai edo kontzeptuak landu ziren: batetik, lurra, euskal gizakia bizi den lurra; lur horretan erne diren belar, landare, zuhaixka eta zuhaitzak; lurrak berez edo gizakiaren eraginez ematen dituen uztak; eta bestetik, euskal gizakiarekin belaunez belaun bizikidetza estuan bizi izan diren animaliak, euren parte esanguratsuak eta euren inguruko prozesuak.
Laugarren liburukian (2012) kontzeptu ugari bildu eta landu ziren, eremu biren inguruan: etxe-abereak eta etxea bera. Hala, liburukiaren lehen partea hainbat etxe-abereri eskainia dago (txerriak, hegaztiak, txakurrak, erleak) eta bigarren partea, batez ere, etxearen esparruari dagokio.
Bosgarren liburukiak (2013) izenaren morfologia landu zuen. Parterik handiena deklinabideak hartu zuen.
Seigarrenak (2015) aditz morfologia jaso zuen; gehien erabiltzen diren aditzaren forma jokatuak aztertu ziren.
Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen hitzak (PDF, 93,1 kB)
Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordearen hitzak (PDF, 53,6 KB)
Julio Gallastegi Laboral Kutxako zuzendari nagusiaren hitzak (PDF, 74,9 KB)
Ana de Castro, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendariaren hitzak (PDF, 42.9 KB)
Adolfo Arejita EHHAren zuzendari akademikoaren hitzak (PDF, 336,6 KB)
Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren VII. liburukia eskuratzeko sakatu hemen.