Luis Villasanteren artxiboa eta hark idatzitako lanak sistematizatu eta digitalizatu ditu Euskaltzaindiak. Villasante euskaltzainburua izan zen 1970etik 1988ra, eta 57 urtetan zehar argitaratu zuen: lehen argitalpena 1944koa da, eta azkena 2000koa. Guztira, argitaratutako 929 idazlan katalogatu eta bildu dira. Gaurtik aurrera sarean kontsulta daitezke hemen, Akademiaren webgunean. Gainera, bere artxibotik, eskuizkribuak, gutunak eta argazkiak ere digitalizatu dira.
2008ko azaroaren 25ean, Euskaltzaindiak, Arantzazuko Frantziskotarrek eta Bizkaiko Foru Aldundiak lankidetza hitzarmena sinatu zuten, Luis Villasanteren lanak sistematizatu eta digitalizatzeko. Hori izan zen egitasmoaren abiapuntua. Egitasmoa Euskaltzaindiak kudeatu du, eta Joan Mari Torrealdaik zuzentzen duen Jakin aldizkariaren taldeak garatu du. Joan Mari Torrealdaik berak azaldu du burutu den lanaren nondik norakoa, gaur, Euskaltzaindiaren eginiko agerraldian. Harekin batera, Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatua, Iñaki Beristain Arantzazuko Frantziskotarren Probintziako ordezkaria eta Andres Urrutia euskaltzainburua izan dira. Miriam Villasante Luis Villasanteren iloba ere bertan izan da.
Hiru erakundeotako ordezkariek beren esker ona adierazi dute egindako lanagatik –elkarlanaren garrantzia ere azpimarratu dute- eta Villasanteren lana eta figura goraipatzeko baliatu dute unea. Hala, Andres Urrutiaren hitzetan “Euskaltzaindiarentzat Villasanteren figura giltza da, gakoa da, aldi jakin batean berak jakin zuelako orduko gizartearen aurrean Euskaltzaindia bera eguneratzen eta atontzen. Gaurko, garai hauetako Euskaltzaindiak, badu bere sorrera Villasanteren aldi horretan”. Josune Ariztondok intelektual hitza aldarrikatu du, eta Villasante “gure intelektualetako bat” dela esan du. Haren lana jendearen eskura jartzearen garrantzia aipatu du jarraian: “Villasantek lan handia egin eban. Eta orain, digitalizatu ondoren, kontsulta-gai daukagu. Zaletu eta aditu guztien eskura dago berak utzitako kultur ondarea”. Eta Iñaki Beristainek Villasanteren “aitortza” egin nahi duela esan du, “guk bizirik, anaia sentitzen dugulako oraindik”. Hark egin zuen lana –“inurri lana, batetik, sator lana, bestetik”- aitortua dela esan du, “eta horrek asko pozten gaitu”.
Belaunaldien arteko etenik ez
Ondoren, Torrealdaik hartu du hitza. Hasteko, egitasmoaren helburua azpimarratu du, hau da, euskaltzaleon memoria historiko eta transmisioa bermatzea, “belaunaldien arteko etenik ez dadin egon”. Jarraian, egin den lanean artxiboa eta idazlanak bereizi behar direla esan du.
Villasanteren artxiboari dagokionez, hiru dokumentu mota daude: eskuizkribuak (315 dokumentu), gutunak (523) eta argazkiak (217).
Villasanteren idazlanak -aurretik argitaratuak eta gaurtik aurrera interneten- lau multzo nagusitan daude banatuta: liburu osoak (41), liburu zatiak (106), artikuluak (769, gehienak euskaraz idatziak) eta edizio bereziak. Edizio berezi horiek ere liburu osoak dira, baina Villasanteren egiletza berezia da, testuak ez baitira berak sortutakoak, bildu, editatu edo prestatutakoak baizik; guztira, 13.
Gaiei dagokienez, erlijio gaiak jorratu zituen gehienbat (381). Euskarari buruzkoak 298 lan dira (Euskaltzaindiaz, hizkuntzalaritzaz, normalizazioaz), eta literaturaz 180 lan sailkatu dira. Bestelako lanetan gai ugari jorratu zituen.
Idazlan guztiak PDF formatuan digitalizatuta eskaintzen dira. Kasu ia guztietan dokumentuaren azalaren irudiaz gain, bi bertsio eskaintzen dira: bata “Dokumentua” izenekoa eta bestea “Testu zuzendua” izenekoa. “Dokumentua” motakoak paperezko bertsioaren argazki leialak dira, eta “Testu zuzendua” motakoek, ezinbestez, lanketa bat daukate. Ahalik eta maketazio- edo taxutze-agindu kopuru txikiena erabiliz, idazlan guztien aurkezpen homogeneo eta koherentea eskaintzeko ahalegina egin da, elementu formal nagusiei beti irizpide berberak esleituz: goiburuak, izenburu eta azpi-izenburuak... Gainerakoan, dokumentu originalen irizpideak errespetatu dira.
Comments
Eskerrik asko
Erramun Osa, Euskaltzaindiko idazkariordea