Martxoaren 30ean, ostiralean, Soziolinguistika Klusterrak eta Euskaltzaindiak bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatuko dute Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundian. Klusterraren izenean Jaime Altuna presidenteak sinatuko du, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak. Eurekin batera, Ibon Usarralde Klusterreko kudeatzailea eta Andres Iñigo Euskaltzaindiko Jagon sailburua izango dira.
Hitzarmen horrek Soziolinguistika Klusterraren eta Euskaltzaindiaren arteko elkarlana sortzea du helburu, euskararen normalizazioari buruzko proiektu partekatuak gauzatzeko. Euskararen jakitea, erabilera zein haren aldeko sustapenaren ikerketa, dibulgazioa eta sentiberatzea izango dira, batez ere, bi erakundeon arteko hitzarmenaren xede nagusiak. Horretarako:
- Batetik, Euskaltzaindiak nahiz Klusterrak egindako ikerketen emaitzak trukatuko dituzte edo ikerketa proiektu berriak zehaztu edota abian jarriko dituzte elkarrekin.
- Bestetik, bi erakundeok publikatzen dituzten argitalpenak elkarren artean trukatuko dituzte eta bi erakundeen artean argitalpen-egitasmoak partekatuko dituzte.
|