Gai horren inguruko berria entzun dut; gai horren inguruan polemika dago…
Beste aukera hauek ez al dira egokiagoak?: Gai horri buruzko berria entzun dut; Gai horrek polemika piztu du.
Idazmolde egokiak dira Gai horri buruzko berria entzun dut; Gai horrek polemika piztu du, bai eta Gai horren inguruan polemika dago (= polemika dago gai horretan) ere.
Desegoki bakarra tradiziorik ez duen hau da: *Gai horren inguruko berria entzun dut.
Izan ere, ingururi dagokionez, Euskararen Gramatikak eta Euskaltzaindiaren Hiztegiak [EH:inguru] adierazia dute inguru postposizioak, hala dagokionean leku-atzizkia erantsita, NON(GO)/NORA/NONDIK galderei erantzuten diela, salbu zenbaki batekin doanean, halakoetan “gutxi gorabehera” adierazten baitu: etxe inguruan ibili, etxe ingurura begiratu, etxe inguruko baserrietan, Parisko inguruetatik; 1750 inguruan gertatua, 100 biztanle inguru.
Horrenbestez, inguru postposizioa egokia da lekua adierazteko alde batetik, eta bestetik kuantifikatzaileekin gutxi gorabehera adierazteko. Ez da egokia, ordea, ZERI BURUZ / ZEREN GAINEAN edo ZERTAZ galderei erantzuteko; horietarako, -(e)z / -(r)en gainean / -(r)i buruz postposizioak ditugu.
Beraz, galderako esaldien egokitasuna erabakitzeko, egiaztatu behar da esaldi bakoitzean inguru postposizioaz osatutako esaldi-zatiak NON galderari erantzuten diola, eta ez ZERI BURUZ(KO) galderari, azkeneko horrek ez baitu lekurik inguru hitzaren erabileran.
Horren arabera, gorago esan bezala:
- Gai horren inguruan polemika dago (NON?: gai horretan) (EGOKIA)
- Gai horri buruzko berria entzun dut (ZERI BURUZ(KO)?: gai horri buruzko) (EGOKIA).
- Gai horrek polemika piztu du: (ZERK?: gai horrek) (EGOKIA).
- *Gai horren inguruko berria entzun dut: (NON(GO) berria? gai horretako berria) (DESEGOKIA). ZERI BURUZ(KO) / ZEREN GAINEKO dira molde egokiak: gai horri buruzko / gai horren gaineko berria.
Bestelako adibide batzuk:
- Zalantza asko ditut gai horren inguruan : (gai horretan). (EGOKIA)
- *Gai horren inguruan hitz egingo dugu (= *Gai horretan hitz egingo dugu). (DESEGOKIA) > (EGOKIA) Gai horri buruz hitz egingo dugu.
- *Ikasitakoaren inguruan hausnartu behar dute ikasleek. (*Ikasitakoan hausnartu behar dute ikasleek.) (DESEGOKIA) > (EGOKIA) Ikasitakoaren gainean / ikasitakoaz/ ikasitakoari buruz hausnartu behar dute ikasleek.
- * Gai da beroketa globalaren aurrean har daitezkeen neurrien inguruko testu multimodalak ulertzeko. (*Gai da beroketa globalaren aurrean har daitezkeen neurrietako testu multimodalak ulertzeko.) > Gai da beroketa globalaren aurrean har daitezkeen neurriei buruzko testu multimodalak ulertzeko.
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, morfologia > postposizioak, lexikoa > orokorra
Unitate-mota: hitzak > adberbioak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.