narratiba - Literatura Terminoen Hiztegia

 
NARRATIBA

Gaur egun, adiera asko dituen hitza da narratiba, eta, besteren artean, honako kontzeptu edo arlo hauei egin diezaieke erreferentzia: literatur generoetako bati (genero epikoa, genero dramatiko edo lirikoari kontrajartzen zaiona), kontatzeko (edo narratzeko) gaitasun edo ekintzari, narraziozko testu bilduma bati (ad: euskal narratiba, atzerriraturiko narratiba...), edo narrazio egitura oinarri duten testu eta adierazpideen ikerketan eta azterketan diharduten jakintza arlo edo zientziei (“Narratibaren Semiotika”, “Narratibaren Gramatika”, “Narratibaren Teoria”.).

Esan bezala, literatur genero epiko gisa kontsidera daiteke narratiba, genero liriko eta dramatikoei kontrajartzen zaien genero gisa hain justu. Ezberdintasunak zehazteko garaian, mimesi kontzeptua giltzarri da, horren arabera zehatz baitaitez ke, esaterako, genero dramatikoaren eta narratiboaren arteko aldeak. Lehenengoan, pertsonaiak berez mintzatzen dira edo ekintzaren kontaketa beren gain hartzen dute; bigarrenean, kontalari batek egiten du lan hori. Horretaz gain, jakina da hainbat adierazpidez balia daitekeela narratiba: dela hizkuntzaz, dela iru diez... edo bien nahasketaz (film edo komikietan gertatzen den modura, kasu). Esandakoaz gain, gogora dezagun narratibazko testu orok ez duela zertan helburu literarioa izan. Hala gertatzen da narratiba historikoan, edo egunkarietako testu askotan. Horiekin konparatuz gero, narratiba literarioa fikziozkoa izan ohi da. Narratibazko testuetan, kontalari batek fikziozko mundu autonomo bat sortzen du, gertakari eta pertsonaia batzuk leku-espazio koordenatu jakinak dituzten egitura batean antolatuz. Beraz, kontalariak ematen die euren ezaugarririk funtsezkoena narratibazko testuei, eta horrek fikziozko pertsonaien subjektibotasunaren berri eman dezake ala ez, eta sinesgarria den unibertso narratiboa eraikitzen ahalegin du behar du.

Narratibotasunaesaten zaio testu narratiboek duten ezaugarri berezkoenari. Lehenago esandakoaren ildotik, bistakoa da literarioak ez diren testu edo adierazpideek ere eduki dezaketela ezaugarri hori. Van Dijken iritziz, narratiba oro modu honetan egituratzen da: gertakari bat jazotzen da eta jazoera horretan konponbide bat eman behar zaion arazo edo zailtasunen bat sortzen da. Modu horretan antolatuz doa istorioaren intriga, trama edo bilbea. Narrazio testu ororen printzipio antolatzailea da narratibotasuna, eta horrek testua sortzeko nahiz hartzeko gaitasun jakin batzuk eskatzen dizkio idazle nahiz irakurleari.

Genero narratiboen teoriari dagokionez, askotariko sailkapen irizpideak erabili izan dira. K. Spangen (1993) esanak jarraiki, genero nagusi eta bigarren mailako ak, edo genero luze eta laburrak bereiz daitezke. Lehenengo bereizketa eztabai dagarria bada, gauza bera esan daiteke luzera irizpide gisara hartu duten sailka penei buruz. E. M. Forster-ek, esate baterako, hitzen kopuruaren arabera sailkatu nahi izan zituen narratiba azpigeneroak, eta gaur egun zinez defendaezina izango litzateke horrelako planteamendu bat. A. García Berrio eta J. Huerta Calvo (1999) ikertzaileek proposatutako eskemari jarraituz, neurtitz edo bertso lerroetan idatzita ko eta prosaz idatzitako azpigenero narratiboak bereiz daitezke. Lehenengoen ata-lean daude, besteak beste, poesia epikoaren adierazpenak, bereziki epopeiak bere gain hartzen dituen formak, edo narratibotasun maila handiagoa duten Erdi Aroko roman frantsesak (Chrétien de Troyes ). Bigarren taldean sartzen dira, hau da, nagusiki prosaz idatzitako azpigenero narratibo-epikoen multzoan, novella (eleberri laburra) edo ipuina eta antzeko azpigenero laburrak, edo eleberria genero ezagu na. Tartean kokatzen dira prosaz nahiz bertsoez baliatu izan diren azpigenero eza gunak: ingelesezko romance en ildotik sortzen diren kontakizun abenturazko eta legendazkoak , alegiak edo Erdi Aroko exemplum ak edo herri ipuinen zenbait adi bide. Edonola ere, adituek ez dute dudarik prosazko eta bertsozko azpimultzo nagusietako genero eredugarrienak zein izan diren zehazteko orduan: epopeia eta eleberria . Lehenengotik bigarrenera dagoen bilakaeran, azpigenero narratiboek garai modernoetara egokitzeko egin duten ahaleginaren adibide argia kausi daite ke.

Epopeiada genero narratiboetan zaharrena eta F. Hegelen esanak jarraituz, herrien kultur nortasuna adierazten eta bermatzen lagundu zuela esan daiteke. Gizakiaren eta naturaren arteko lotura estua adierazten zen antzinateko epopeietan, eta agintean zegoen talde aristokratikoaren guda eta borrokak kontatzen. Gizarte hierarkia bat erakutsi ohi zuen epopeiak, eta mailaketa horren defentsa egiten. Taldean sortua zen eta ahozkotasunaren baliabideak bereganatu zituen (errepikapenak, metaketak, erritmoa...); epopeietan irudikatzen zen gizartea desagertu ahala, generoa bera ere desagertu egin zen. Eleberria izan zen sortzen zihoan gizarte burgesaren genero kuttuna, edo, F. Hegelek esan bezala, eleberria bihurtu zen gizarte burgesaren epopeia. Eleberrietan gizarte aldakor eta gatazkatsua irudika daiteke; epopeietan, aldiz, gizarte aldagaitz eta itxia zen gailentzen zena eta sarritan mito eta elezahar ezagunez baliatzen zen kontakizuna bideratzeko. Epopeietako pertsonaiak aldagaitzak izaten ziren, jaiotzetik egokitzen zitzaien patu edo rolari atxikitzen zitzaizkion eta borrokari esker egiten zuten bizitzan aurrera. Eleberrietako pertsonaiak, aldiz, askozaz ere konplexu eta gatazkatsuagoak izan daitezke eta gizarte modernoak eragiten dizkien ezinegon eta arazoak paira ditza kete. Pertsonaien indibidualtasunaren tratamenduaren aberastasuna da, ezbairik gabe, eleberrigintza epopeiatik bereizten duen ezaugarri oinarrizkoenetakoa, eta, hori onartuz, honako hau esan daiteke: epopeietako heroi epikoak heroi problematikoak bihurtu direla eleberrietan. Denbora-espazio koordenatuei begiratuz gero, zinez dira azpimarragarriak bi generoen arteko ezberdintasunak. Epopeietan denbora-espazio ezagunak, hartzaileei ezagunak zitzaizkien iragan legendazkoak azaleratzen dira; eleberrietako denbora-espazio koordenatuek, aldiz, askozaz ere adierazpide aberatsagoak, konplexuagoak, eduki ditzakete, XIX. mendean gailentzen den poetika errealistatik hasi eta XX. mendean garatuz doazen planteamendu iraultzaileetara iritsi arte. Bere garaiko arazo historikoak, soziologikoak, politikoak, existentzialak... barnera ditzake eleberriak; epopeiak, ez. Edonola ere, ezerk definitzen badu eleberrigintza bere aldakortasunak definitzen du, D. Villanueva eta bestek esan bezala, eduki nahiz formei dagokien etengabeko berrikuntza baita genero horren ezaugarri nagusietakoa.

Euskal literaturan narraziozko genero nagusiek, bereziki eleberriak eta ipuinak, izan duten bilakaerari begiratuta, laster ohar gaitezke genero horiek izendatzeko erabili den terminologia aberatsak zerikusia duela generoen bermatze berantiarra rekin. “Eleberri” hitzaren euskal adierak begiratuz gero, oharteman daiteke adibide zaharretan adiera negatiboa zuela, zurrumurru edo esamesaren baliokidea. XX. mendean aldatu zen eleberri hitzaren adierazia, lehenengo hamarkadetan erabili ohi zen “irakurgai” hitzaren ordezko gisa erabiltzen hasi zenean. “Eleberri” hitzaren baliokideak dira, halaber, 1970eko hamarkadaz geroztik Hegoaldean hedatu den “nobela” hitza, edo XX. mende hasierako zenbait idazle sabindarrek erabili ohi zuten edeskixuna neologismoa. Bestalde, logikoa denez, askozaz ere zabalagoa da “ipuin” hitzaren tradizioa. I. Mujika Iraolak (1991) dioenez, normalean ipuinlaritzat hartzen ez diren idazle klasikoek ere (P. Agerre “Axular”, J. Tartas, J. B. Agirre Asteasukoa…) idatzi zituzten ipuin laburrak, ahozko hizkuntzaren kutsu han dia zutenak eta helburu moralizatzailez egindakoak. J. B. Agirre Asteasukoak sino nimotzat erabiltzen du.

Narraziozko generoei dagokion terminologiaren zehaztapen berantiarrak harre man zuzena du euskal liburugintzan izan duen bilakaera deigarriarekin. J. M. Torrealdaik argitara emandako argitalpen ehunekoak begiratuz gero, argi geratzen da narraziozko generoek gero eta protagonismo handiagoa izan dutela euskal libu rugintzan. 1876-1935 urte bitartean literatur produkzioaren % 18,7 zegokion narra tibari; 1936-1975 bitartean, berriz, % 23,8 izatera iritsi zen; eta 1976-1996 bitartean produkzioaren % 48,5 hartu zuen. Gaur egun, literatur liburuaren % 59 da narrazioz koa. Literatur liburuaren produkzioan duen protagonismo hori euskal literatura siste man narratiba lanak eta idazleek erdietsi duten leku kanonikoarekin lotuta agertzen da. Merkatuak agintzen duen azken hamarkadetako euskal literaturan, narratibazko generoek, eta bereziki eleberrigintzak, errentagarritasuna bermatzen du.

Ipuingintza, helduentzako literatur genero autonomo moderno eta landu gisa fenomeno berria da gurean. I. Mujika Iraolak (1991) A. Lertxundiren Hunik arrats artean (1970) kontsideratzen du euskal ipuingintza modernoaren lehenengo emaitza. Lehenago ipuin solteak edo liburu kolektiboak argitara eman baziren ere,

A. Lertxundik eskaini zuen lehenengoz formula autonomo eta osotasun bete baten asmoz egindakoa. Bera baino lehen, Jaurtarkol, N. Etxaniz eta beste batzuen bide tradizionalagoak aipa daitezke, edo 1950-1960 hamarkadetan euskal ipuin moder no gogoangarriak idatzi zituzten M. Ugalde ( Iltzalleak, 1961), G. Aresti ( Ipuinak , 1978), J. Mirande ( Gauez parke batean, 1984). Horien ondoan gogoratu behar da

J. Etxepareren liburu ezaguna ( Mendekoste gereziak eta beste (1963). Edonola ere, esan bezala, 1970etik aurrera sendotu eta ugaldu zen euskal ipuingintza moder noa. X. Mendiguren Elizegik (1997a) hiru joera bereizten ditu 1976-1980 bitartean. Batetik, herri ipuina, batzuetan egiazko pasadizoetan oinarritutakoa eta euskalkiz idatzia (A. Zubikarairen ipuinak, adibidez). Bestetik, euskara errazean idatzitako istorioak: X. Gereño, M. Lazkano, Euskaltzaindia-Iberdueroren bilduma, Hordagoko Tximista saila.... Azkenik, abangoardiako esperimentalismoaren zolan sortzen den ipuingintza, generoen arteko mugak hautsiz kaleratu zena: B. Atxagaren Ziutateaz (1976) eleberrian narrazioak eta poemak tartekatzen ziren; K. Izagirreren Zergatik bai ( 1976).... eta Ustela sailak argitara eman zituen beste hainbat lan, hala nola, J.A. Arrietaren Bidaia. Termitosti (1978), J. Casenaveren ipuin batzuk, I. Sarasolaren Joan eta Ane zigarro bat erretzen (1977) ... 80ko hamarkadaren hastapenetan are nabarmenagoa da ipuinak genero gisa bizi duen indarberritze eta ugaltzea. Askotan aipatu izan diren arrazoi sozioliterarioak direla medio (aro demokratikoaren hastapenetan izugarri hedatu ziren sariketa eta aldizkari literarioak), ipuin liburuak ugarituz eta ospe soziala lortuz doaz. 1980an argitaratu ziren, esaterako, A. Lertxundiren Aise eman zenidan eskua eta G. Garateren Lehortean . Hala ere, POTT Bandako kideen ekarpenak izan ziren, ezbairik gabe, generoaren berrikuntza eta gizarte onespenerako eragile funtseko bihurtu zirenak. Tradizio anglosaxoia bere ganatu zuten Pott bandakoek (nobela poliziakoa, zinea, abenturazko fikzioa, eta abar) eta tradizio horretara iristeko bide funtsezkoa J.L. Borgesen lanak, haren libu rutegi labirintikoan gordetzen den ondare unibertsala, izan ziren. J. Sarrionandiaren Narrazioak (1983) eta B. Atxagaren Obabakoak (1988) dira POTT Bandaren emaitza aipagarrienak ipuingintzan. Hurrengo urteetan ere agertu zen liburu inte resgarririk (Iturralderen Pic-nic arbasoekin (1985), Hernandez Abaituaren Panpinen erreinua (1985), esaterako) eta euskal ipuingile berriak azaldu ziren: L. Mintegi, J.

A. Muxika ( Itzalak, 1985), H. Etxeberria, M. Antza eta abar. Poliki-poliki, joera bate ko eta besteko ipuinak kaleratzen zihoazen. Ildo fantastikoa (B. Atxaga, J. Sarrionandia....), metafikzioa eta giro underground a konbinatzen zuten egileak (J.

M. Iturralde, M. Hernandez Abaitua), molde errealistagoei bide egiten zietenak (L. Mintegi, M. Antza...), euskal ipuingintzaren aurpegiak anizkoitzak ziren. Tartean, I. Mujika Iraolaren Azukrea belazeetan (1987) eman zen argitara, J. Rulforen eragin nabarmenean idatzitako errealismo sinbolikoa bere egiten zuena. Joera eta egile berriek aberastu dute 90eko hamarkadako panorama zinez eklektikoa. Errealismoa Ameriketatik, ipar ala hego, datozen molde berriez aberastuz (errealismo zikinaren jarraitzaile dira, esaterako: X. Mendigurenen Hamalau (1992), P. Aristiren Auto-stop eko ipuinak (1992), E. Jimenezen Manhattan (1994) edo J. Muñozen Bizia lo (2003); errealismo fantastikoarenak, berriz, M. Hernandez Abaituaren Ispiluak (1985), I.

Zurutuzaren Haizeak iparlaino beltzak dakartzanean (1989), H. Etxeberriaren Karramarroaren aztarnak (1997), metafikzioari eta kulturalismoari molde berriak eskainiz (J. Garziaren Itzalen itzal (1994), I. Zalduaren Itzalak ( 2004), absurdoa iro nia edo lirikotasunez zipriztinduz H. Canoren Telefono kaiolatua (1997), J. L. Zabalaren Ahanzturaren artxipielagoa (1987), K. Linazasororen Ez balego beste mundurik (2001), giza harremanen inguruko literaturari bide eginez (Iturberen Ezer baino lehen (1992), J. Osororen Korapiloak (2000), X. Montoiaren Emakume bibo teduna (1992), literatura eta zinea uztartuz (J. Cilleroren Hollywood eta biok (1999)...), laburtasuna inspirazio iturri harrigarri bihurtuz (I. Zalduaren Traizioak (2001), Sarrionandiaren Han izanik hona naiz (1992)...)...edo isiltasunarekin jolasten duen prosa minimalistaz, atmosfera harrigarriak sortuz, P. Lizarralderen Un ange passe-isilaldietan- (1998), adibidez. Ezin esan gaurko ipuingintzaren panorama aberatsa ez denik. J. Cortázarren ildotik landutako fantasia berria (K. Linazasoro, I. Zaldua...), R. Carver-en itzala nabarmentzen duten kontaketa errealistak (H. Cano,

P. Lizarralde, P. Aristi, X. Montoia...), Monterrossoren laburtasun eta ironia miresten dutenak (Sarrionandia, I. Zaldua...), Borgesen edo I. Calvinoren joko literarioen zaleak (J. Garzia, J. Cillero, A. Lertxundi...)... ipuingintza garaikidearen maisuen itzala bistakoa da egungo euskal ipuingintzan. Esandakoaz gain, azken urteotan lotura duten ipuin liburuek (ing. short story cycle ) gurean izan duten ugalpena azpimarratuko genuke. Obabakoak (1988) sarituaren ondoren, hortxe dira, esate rako, X. Montoiaren Gasteizko hondartzak (1997), J. Garziaren Itzalen itzal (1994) edo lotura tematiko nabarmenak dituzten Iturberen Ezer baino lehen, I. Zalduaren &

G. Markuletaren Ipuin euskaldunak ....

Narratibari buruzko atal honen osagarri da I PUIN hiztegi sarrera eta euskal ele berrigintzaren bilakaerari buruz, aldiz, ikus E LEBERRI .

[ M . J . O .]

B IBLIOGRAFI A A LDEKOA , I.: “Mapak eta istorioak” , in Euskal ipuinen antologia bat , Alberdania, Irun , 1993, 7-23 . G ARCÍA B ERRIO , A.; H UERTA C ALVO , J.: Los géneros literarios: sistema e historia , Cátedra, Madrid, 1999 . I NGRAM , FORREST , L.: Representative Short Story Cycles of the Twentieth Century : Studies in a Literary Genre , Mouton, The Hague, 1971 . M ENDIGUREN E LIZEGI , K.: “Aniztasuna eta kalitatea”, in T ORREALDAI , J.M.: Euskal kultu ra gaur , Jakin, Arantzazu, 1997, 330-331 . M UJIKA I RAOLA I .: “Ipuingintzaz”, Hegats, 5 (1991), 17-26 . O LAZIREGI , M.J.: Euskal eleberriaren historia , Labayru-Amorebieta-Etxanoko Udala , Bilbo, 2002 . P ACHECO , C.; B ARRERA L INARES , L.: Del cuento y sus alrededores. Aproximación a un a teoría del cuento , Monte Ávila Ed /Latinoamericana, Caracas, 1993 .

P AVEL , Th.: “Narraciones literarias”, in V AN DIJK , T. A. (ed.): Discurso y literatura. Nuevos planteamientos sobre el análisis de los géneros literarios , Visor, Madrid, 1999, 109-130.

S PANG , K. Géneros literarios , Síntesis, Madrid, 1993 . V ILLANUEVA , D.: El comentario de textos narrativos: la novela, Júcar, Gijón, 1989 .

Estekak:

Beste hizkuntzatan:

es: narrativa
 fr: narrative
 en: narrative

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper