Komunikazio ekintza batean igorleak hartzaileari zuzentzen dion enuntziatu edo esakunea da. Mezua interpretatua edo deskodifikatua izan dadin, igorleak eta hartzaileak biek ulertzen duten sistema edo bitartekoa erabili behar dute. Literatur idatziaren komunikazioan mezua obra bera da. Errusiar formalismoak literatur komunikazioaren alderdi jakin horretan, mezuan, jarri zuen arreta. Gerora, R.Jakobsonek ere funtzio poetikoa hizketa egoeraren alderdi jakin horretan, mezuan, kokatu zuen. Literatur komunikazioan mezuaren lehentasuna azpimarratu zenetik, literatur ikerketek literatur hizkeraren ezaugarri bereizgarrien arakatzeari ekin zioten. Horrela, korronte formalista eta estrukturalistek mezuaren ingurura
murriztu zituzten euren ikerketak, mezuaren ekoizpen eta harrera aintzat hartu gabe.
[U. A.] Ikus, halaber, K OMUNIKAZIO .