T. Van Dijken testu teoriaren arabera (1983) bereiz daitezke, alde batetik, hizkuntzazko egitura testualak (mikroegiturak eta makroegiturak) eta, bestetik, hizkuntzazkoak ez diren egitura testualak (gainegiturak). Beste zenbait teorialariren hipotesiarekin bat eginez, Van Dijkek dio irakurleak testu bat ulertu eta informazio hura gogoan hartu ahal izateko idatziaren edukia berreraiki edo berrordenatu egiten duela, egitura abstraktu eta hierarkiko baten arabera, hots, testuaren makroestrukturaren antzerakoa den egitura baten arabera bereganatzen duela. Ikerketa esperimentalek (Crowder, 1982, Gena eta beste batzuek) ondorioztatu dutenez, irakurle iaioak testuen egitura globalaz jabetzen dira eta zenbait estrategiaz baliatzen; errepasatu, parafraseatu eta interpretatu egiten dituzte testuko osagai semantikoen harreman kausalak, azkenean idatziaren barrengo egitura inferitu ahal izateko. Horretan oinarriturik, Genak (1983) zera ikertu du: testuaren eskemak, laburpen eta bestek duten aplikazio didaktikoa irakurriaren ulerpena hobetzeko.
Van Dijken teoriaren arabera (1983), testuaren makroegitura deritzo egitura glo bal horri. Makroegitura, beraz, testuaren egitura semantikoa da, haren koherentzia orokorraren ideia ematen duena, testuak orokorrean harturik duen adiera; eta horren aurkako kontzeptua da mikroegitura, esaldi eta perpausen sekuentzia kon kretuaz diharduena. Baina diskurtsoaren ezaugarri abstraktua izateaz gain, irakur learen ulerpen kognitiboaren interpretazio fenomenoa ere gertatzen da, ezagupen subjektiboek ere parte hartzen dutela. Irakurleak erabakitzen du zein informazio den garrantzitsuago testuaren hierarkian eta zein kategoria orokor hautatu behar diren, testuan denotatzen ez badira ere, (Van Dijk, 1990). Irakurlearen interpreta zioak ez dira arbitrarioak ordea, testu iturriaren egileak berak ere zenbait baliabide baititu testuari eman nahi dion makroegitura aditzera emateko.
[L. O.]
Ikus, halaber, G AINEGITURA .