ipuin - Literatura Terminoen Hiztegia

 
IPUIN

Ipuina, poesiarekin batera, literatur genero zaharrena izango da ziur asko; hala ere, literatura kultuan oso berandu gauzatu da era autonomoan, XIX. mendea aurre ra samartuta, hain zuzen.

Tradizioko ipuinak. Ipuin folkloriko edo tradizionalak herri eta kultura orotan dira ezagunak, belaunaldiz belaunaldi ahoz igorriak. Asko eta asko idatziz bilduak izan dira, batez ere erromantizismo garaian, eta lehenago ere bai batzuen batzuk. Bilduma horien artean dago Pantchatantra , Indiako ipuin bilduma nagusia, bost liburutan banatua. Ipuinen ondoan, apologoak, moralejak eta beste testu batzuk ere badatoz. Eragin zabala izan du mundu osoan, bide anitzetatik; horien artean, ara biarren itzulpenak daude; Bizantzioko kulturak ere egin zuen hedatze lanik, eta Ekialdera budismoak eraman zuen batez ere. Beste bilduma bat Mila gau eta bat gehiago dugu, arabiarren bilduma nagusia. Hiru zati bereizten dira: India aldean jatorri duena, Pertsian sorturikoa eta Egiptotik hartua. Bilduma osoa hari batek lotzen du; errege batek emazte bat hartzen du gauero eta hurrengo goizean hiltzen, fidel izan dakion. Xerezaderi txanda iristean, hark ipuina kontatzen dio, eta errege ak, jarraipenaren zain, bizia barkatzen dio gauero-gauero.(P. Zubizarretak egina du egokitzapena, 2002).

Erdi Aroan, bilduma berriak agertzen joan ziren erromantze bakoitzean; hala nola, Calila e Dimna, Sendebar, Le Roman de Renart ... Errenazimentuaren hurbil ketarekin autore ezagunen bildumak agertu ziren, herri altxorretik jaso eta egokitu riko testuekin; hala nola, G. Boccaccioren Il Decamerone , G. Chaucer-en Canterbury Tales ... XVII. mendean Ch. Perraultek eginiko ipuin miresgarrien bilketaren ondoren,

XIX. mendeko mugimendu erromantikoekin sortzen da bilketa folklorikoen bultzada izugarria; ildo horretan, Grimm anaien bilketa lanak ezartzen du, hein batean, bil duma moderno eta ikerketa zehatzen hasiera. Hortik aurrera, Europa osoan herrial de bakoitzak bere altxorra bildu eta sailkatzeari ekingo dio, batzuek lehentxeago, beste batzuek geroxeago (Euskal Herrian, adibidez, XX. mendera arte ez da eza gutuko ahalegin zabal eta sistematikorik, R. M. Azkue, J. M. Barandiaran eta aba rren eskutik).

Ipuinen azterketari dagokionez, N. Afanasiev errusiarrak eginiko bilketa (eus karaz Errusiako ipuinak, 1991) aztertu zuen Vl. Propp ikertzaileak ( Morfologia del cuento , 1928) eta hogeita hamahiru funtzio bereiztera iritsi zen, heroiaren ekintzen haritik; funtzio horiek ipuin miresgarri ororen oinarrian omen daude, eta miresgarriak ez diren ipuin anitzetan ere agertzen omen dira. Ipuinen eta aldaera anitzen sailka pen ezagunenen artean, A. Aarne eta S. Thompsonek eginikoa aipatzen da ( The types of Folk-tale: a classification and a bibliography, 1964). Ikertzaile horiek hasi tako katalogoan milaka eta milaka ipuin sailkatuak izan dira, munduko tradizioetan agertzen diren motiboak eta horien aldaerak bilduz.

Ipuin literarioa. Ipuin literarioaren sorrera XIX. mendean ezarri ohi da. Ipuin lite rarioak generoaren zehaztapena eta autonomia ekarriko ditu; izan ere, lehenago haurrentzako kontakizunekin identifikatzen baitzen, edo elezaharrekin, edo balade kin; adibidez, Erdi Aroan, ipuina esatean, apologoa, edo zuhur hitza, edo alegia, edota horrelakoren bat adierazten zuten; errenazimentuan, testu literarioagoei nobela izena emango zieten, eta, horrela XIX. mendea aurrera samartu arte; hala ere, ipuinaren kontzeptua nagusitzen joango da kontakizun labur literarioei izena emateko.

Ipuingintza modernoaren aitapontekotzat V. Gogol errusiarra jo du batek baino gehiagok; horren ondoan, A. Txekhov ere aipatu behar da ( Ipuinak , X. Mendiguren, 1990). Frantzian, Guy de Maupassantek, inongo dudarik gabe ipuinlari frantsesen errege denak, honako hauek idatzi zituen: Oilagorraren ipuinak (F. Juaristi, 1984), Ipuin beldurgarriak (X. Monasterio, 1990) eta Fantasiazko ipuinak , (J. Zabaletak, 2000). Teoriari dagokionez, ordea, ipuinaren teoria modernoaren oinarrian E. A. Poerena legoke. Poek ipuinaren originaltasuna eta gai aniztasuna aldarrikatzen ditu, tradizio errepikatzailearen aurrean. Poek azpimarratzen duen beste puntu bat irakurlearen parte hartzea da; gainera, ipuinak, bere laburrean, irakurleagan eragin bateratua eta bildua sortzeko aukera eskaintzen du, eta, horrekin, gozamen inte lektuala. Badirudi ipuinaren prozesua egilearen eta irakurlearen artean sortu eta aurreratzen dela, nolabaiteko sinpatiazko harremanaren harian; horrela, kontakizu na erabat original bihurtzen da, idazle-irakurle harreman horretan. Poek ipuinaren oinarrian egia ezartzen du edertasunaren aurretik. Ipuinetik datorkigun gozamena intelektuala da batik bat; ez da edertasunean oinarritzen. Ondoren, zenbait autorek poesiaren eta ipuinaren lotura aldarrikatuko du, edertasuna oinarri hartuta. Euskaraz, ugariak dira E. A. Poeren idazlanen itzulpenak, J. Mirandek argitaratuez gain ( Lan Hautatuak , 1976), besteak beste aipagarri dira Misteriozko ipuinak 1 (I. Mendiguren, 1991) eta Misteriozko ipuinak 2 (1995); Urre-zomorroa (J. M. Olaizola, 1990) eta Ligeia . Izu ipuinak , (M. A. Unanua, 1987) nahiz Kontakizunak , (K. Navarro, 2000).

Ipuinaren zer-nolakoan H. Quirogaren teorizazio xumea, baina aldi berean zorrotza, mugarri garrantzitsua bihurtu da. Idazle horrek ipuinaren hasierari egun doko garrantzia ematen dio; baina ipuinaren hasiera hori bukaera ere bada, alegia, ipuina hasterako, eramango duen geziak zehatz zuzenduta egon behar omen du amaieraraino. Gainera, zertzelada eta ñabardura guztiak oso ondo zaindu behar omen dira; ez omen du ezerk soberan egon behar. Bestalde, pertsonaiei zor zaien errespetua lehen mailan jartzen du Quirogak; egileak bere pertsonaien artean bat gehiago sentitzera iritsi behar omen du; gainera, ez zaie inondik interesatzen ez zaien zerbait ikusarazi behar, idazleari interesatzen zaiola eta; sortu dituen pertso naien interesen atzetik eta egokitzen zaien bidetik joan behar du ipuinlariak.

Hortaz, ondoriozta daiteke ipuin literarioaren ezaugarririk oinarrizkoenetarikoa izaera sintetikoa dela; ipuinak laburtasuna eskatzen du, behar ez dena garbitzea, argumentuaren nondik norakoaren arrastoa argi uztea. Ildo horretatik, Julio Cortázar-ek ipuinari hiru ezaugarri nagusi eskatzen dizkio: esanahi argi eta zorrotza, indarra eta tenka. Eta ipuina esanahidun bihurtzeko, kontatzen duen gertakizuna baino askoz harantzago doan indar espirituala adierazi behar omen du, eta hori etengabeko tenkan edukitzen jakin.

Ipuina, batez ere, argumentua baita. Horregatik Guy de Maupassant ez zen esertzen idaztera harik eta ipuina buruz erabat jan arte, ia-ia testu definitiboa buruan osatua zeukan arte; eta, idaztera jartzean, ez omen zuen zuzenketarik egiten batere; zuzen-zuzen botatzen omen zuen, haria galdu gabe –eta estilo hain zainduan–. Ipuinaren autonomiari dagokionez, berriz, gaur egun ohituta gaude ikusten nola ipuin batek bere buruari bakar hutsean eusten dion. Erdi Aroan-eta ez zen, ordea, horrela gertatzen; ipuin batek besteekiko bilduma harremanetan zuen babesleku, ez zen normala ipuin bat era soltean idatzita agertzea. Hala ere, ipuingintza modernoan ipuin multzo gehienak hari baten loturan elkartuta joan ohi dira; noski, hari horrek ez du izan behar nahitaez argumentala, izan daiteke giroari dagokiona, edo pertsonaiaren bati, edo azpigeneroren bati...

Ipuinaren eta nobelaren artean legokeen loturaz ere asko idatzi izan da. Bereizketa bat egiteko, esan daiteke nobelan sentipen askoren sinfonia-edo osatzen dela, eta ipuinak, aitzitik, sentipen bakar baten inguruan josten duela melodia xumea. Hala ere, ezinezkoa da esatea nobela labur baten eta ipuin luze baten arteko muga non legokeen. Gainera, ipuingintza modernoak nahikoa apurtu ditu konbentzioak, eta orain arte aipatzen ari garen ezaugarriei obeditzen ez dieten ipuinak ere sortu ditu: sintesiari kasu egin gabe, hasierako geziak nondik nora egin go duen erabaki gabe; ipuin fragmentarioak, amaiera hautsia dutenak, eta abar, ohikoak dira abangoardiako literaturan.

Ipuinaren eta poesiaren arteko loturak ere arduratu du zenbait idazle; Faulkner entzat, ipuina poesiaren eta nobelaren arteko zerbait da; zailtasunean, poesia lego ke lehenik, ipuina gero, eta, azkenik, nobela. Ipuina, bestalde, bere bildura eta kon dentsazioagatik, poesiatik nahikoa hurbil kokatzen da. Gainera, poema askoren oinarrian bezala, ipuinaren oinarrian ere irudi bat legoke, hasierako flash bat; eta irudi hori mamituz eta gorputza hartuz doan heinean bihurtzen da ipuin.

Bestalde, ipuin literarioarekin bateratsu sortu da, baita ere, haur ipuin literarioa. Ahozko tradiziotik hurbil, haur ipuin literarioaren garapen gune berezia ezarri zuen

H. C. Andersenek, izan ere, eskaini zituen ipuin gehienak berak sorturikoak baitzi ren. Horietatik euskaraz M. Eguen taldeak itzuliriko Hemeretzi ipuin irakur daitezke (1997). Baina, arlo horretan, literatura fantastikoaren garapenak emango zion egun doko bultzada haur ipuin literarioari; L. Carrolek idatzitako Alice ren bi liburuetan bor-bor agertutako fantasiaren atzetik heldu ziren C. Collodiren Pinoccio (1878-83), eta J. M. Barrieren Peter Pan in Kensington Gardens eta Peter and Wendy eta beste etorri ziren (J. Gabiriak itzuliak, 2004). Bestalde, haur ipuinen garapen fantastiko horretan teoria sortzaile nagusietakoa G. Rodari da, dudarik gabe, literaturaren arlo horretan nagusi diren prozedura fantastikoak aztertu eta sailkatu baitzituen.

Euskal ipuingintza. Herri tradizioko ipuingintzatik ipuingintza literariorako jauzi hori Euskal Herriak ere ezagutu zuen XIX. mendetik aurrera, nahiz eta era apalean izan. A. Campión, Urruzuno, Kirikiño eta beste, indarrez agertu ziren euskal letren eremuan, B. Mogelen haur ipuingintzako lana ahaztu gabe. Lehenagotik, ordea, hasia zen erlijio prosaren barruan erakustaldi gisa ipuinak sartzeko jokabide landu bat; P. Agerre “Axular”, Tartas edo J. B. Agirre Asteasukoak era dotore eta trebean kontaturiko istorio eder askoak eskaini zizkiguten.

XX. mendean, J. Etxepare gaztearen lan ederra, –haur zein helduentzako ipuingintzan– aipatzeaz aparte, euskal ipuingintza modernoa, benetan, gerra ondorengo J. Miranderen Gauez parke batean liburuan gauzatzen dela esan daiteke. Puntu horretatik aurrera, euskal ipuingintza garatuz joan da munduko ahalegin berrienen parean jartzeraino; etorri dira A. Lertxundi, J. Sarrionaindia, I. Mujika Iraola, eta beste ipuingile sail luze samar bat; guztien artetik, B. Atxagaren eskutik gertatu da euskal ipuingintza munduan zehar ezaguna izaten hastea, Obabakoak dela medio.

[J. K. I.]

Ikus, halaber, N ARRATIBA .

B IBLIOGRAFI A B AQUERO G OYANES , M.: ¿Qué es el cuento?, Columba, Buenos Aires, 1967 . C ORTAZAR , J.: Algunos aspectos del cuento , La Habana, Casa de las Américas ,

1962 . L ANCELOTI , M. A.: Teoría del cuento , Culturales argentinas, Buenos Aires, 1973 . M UJIKA I RAOLA , I.: “Ipuingintzaz”, Hegats , 5 (1991), 17-26 . P OE , E. A.: Obras en prosa de Edgar Allan Poe , Ediciones Universitarias, Puert o

Rico, 1969 .

P ROPP Vl.: Morphologie du conte, jat. 1928 , Seuil, Paris, 1965 (2. argit. 1970 ) / Morfología del cuento , Fundamentos, Madrid, 1987 . Q UIROGA , H.: “Manual del perfecto cuentista”, in Sobre literatura , Arca, Montevideo ,

1970 . Q UIROGA , H.: “Decálogo del perfecto cuentista”, Ibidem . Q UIROGA , H.: “Retórica del cuento”, Ibidem .

Estekak:

Beste hizkuntzatan:

es: cuento
 fr: conte
 en: tale, short story

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper