(...)
Gainera, gerta daiteke hizkuntza ofizial bietan izenak nabarmen desberdinak izatea eta horrelakoetan biak normalizatu eta ofizialduko dira. Hala gertatzen da Opellora / Costera, Elexalde / La Iglesia... eta era horretakoetan. Irizpide hori ematen da aditzera Euskararen Erabilpena Arautzeko Oinarrizko Legean ere, haren 10. artikuluak Legebiltzarreko saiora joan ziren alderdi politiko guztien aldeko botoa izan zuelarik [2 Azaroaren 24ko 10/1982 Legeko 10. artikuluan honako hau ezarri zen: // «1. Autonomia Elkarteko lurralde, udal, herri, geografia-gorabehera, hiribide eta, oro har, toki-izen guztien izen ofizialak Jaurlaritzak, Kondaira-Lurraldeetako Foru-Erakundeek edo Toki-Erakundeek finkatuko dituzte, bakoitzak berari dagokion aginte-eremuaren barruan eta, beti ere, jatorrizko izen euskaldun, erromantzezko edo gaztelaniazkoari, hizkuntza bakoitzari dagokion idazkeraz men eginez. // Toki-erakundeen eta Eusko Jaurlaritzaren artean aurreko atalean esandako izen ofizialei buruzko auziren bat gertatuz gero, Eusko Jaurlaritzak ebatziko du, aurrez Euskaltzaindiari bere iritzia eskatu ondoren. […] 3. Izen hauek oso ezberdinak izanez gero, bide-seinaleei buruzkoetarako, biak ofizialtzat joko dira»]. Irizpide honen aldekoa da Euskaltzaindiko Onomastika batzordea ere, eta aipaturiko Legean eta Autonomi Estatuan jasotakoari jarraiki, Euskaltzaindia da gai honetan erakunde aholkulari ofiziala [3 Autonomi Estatutuko 6.4 artikuluan honako hau esaten da hitzez-hitz: «Euskarari dagozkionetan, Euskaltzaindia izango da erakunde aholku-emale»]. Dena dela, Lege horretan ez da zehazten «oso ezberdinak» izate hori zertan datzan, nahiz eta zentzuzkoak izanik, bertakoek hala hartzen badituzte edo forma bat eta bestea elkar trukatzeko zailak baldin badira, «oso ezberdintzat» jo behar direla dirudien. Argi dago, beraz, Aretxazar, Etxabarri edo Campijo bezalako izenek ezin dituztela onartu baliokidetzat, ez idatziz ez eta era ofizialetan ere, Arechazar, Echabarri edo Kanpijo idazkerak [...] Zoritxarrez, toki askotako euskal izenak azkenengo euskal hiztunekin batera galdu ziren eta gaur egun ez daukagu izen horiek jakiteko modurik. Baina zenbaitetan, horietako batzuk berreraikitzeko aukera izaten da. Euskal Herriko mendebaldean eliza dagoen auzoa izendatzeko Elexalde erabiltzen zela argitzen duten adibide asko ditugu. Hala gertatzen da Barrundian hasi eta Amurrio nahiz Beotegiraino, herri horretan oraindik ere XIX. mendean Elejalde forma dokumentatzen baita, hau da, euskal izenaren forma gaztelaniartua. Hori dela eta, egungo Barrio de la Iglesia eta antzekoak euskarazko Elexalderen itzulpen hutsak direla esan genezake eta, horrenbestez, bidezkoa dateke atzera bihurtzea [...] Auzoburua / Capitalidad del concejo: ED50 30T X.489930, Y.4771031, alt. 405 m. // Auzo honetan daude San Julian parrokia eta kontzejuko aretoa. Gunera iristeko, Artziniegatik datorren A-4624 errepidea hartu behar da, ibarraren ekialdeko isurialdetik Soxo ibaiaren ibilbidea gutxi gorabehera segitzeko. 60. puntu kilometrikoa igarotakoan, Sobrevilla auzoa ezkerrean utzita, erreka igaro eta beste aldeko malda igo behar da. Malda horren gaineko bizkarrean daude eliza eta auzoburua osatzen duten gainerako eraikinak. // Mapa batzuetan gune hau, Sobrevilla edota bien elkartzea, Sojo izen soilaz identifikaturik agertzen da. Gunea bereiztea beharrezkotzat jotzen denean, herriko ahozko erabileran La Iglesia soila entzuten da, Becerro de Bengoak ere aipatua (1877), baina ez, aldiz, Madozek (1845-1850). Antzeko beste kasu batzuetan bezala, gune honen euskal izen gisa Euskal Herriaren mendebaldean parrokia dagoen auzoa izendatzeko erabili ohi den izena har liteke: Elexalde. Ikus Añes kontzejuko auzo izenkideari buruz esandakoa
(...)
Zer: Auzoburua
Non: Soxo [Aiara]
Jatorria:
IZ.03