(...)
Ordokia [òrdokía] Kasedako mugaldeko lautada da, eta Zareko bereko Plau-ren eta Leatxeko Pelau-ren adierakidetzat jotzen ahal da (cf. gainera, Eslabako Plaondoa).
Laua izateari zor zaio 1614eko Plano de Ordoquia, baina deizio honek beronek laua ez den alderdi bat ere badagoela idarokitzen du, eta izan ere horrela da, ordokiaz lekora aldapa (Costalado de Ordokia orain) eta buru edo gaina (Cabezal de Ordokia / Ordokiburua dokumentazioan) ere baditugulako. Costalado de Ordokia-k alderdiko erregua den Río de Ordokia-ren ondoko eremu lauaren eta goiko Saso de Sagüés-en arteko aldapa da. Dokumentazioko Entrada de Ordokia dermioaren lehen zatiari esango zitzaion [Entrada erdaldunaren euskal ordainez ikus Eslabako Kalboren korralesarraldea-n dioguna.], euskarazko Ordokigoiena-ri apika. Río de Ordokia Ordokia eta El Azute-ren artetik igarotzen den ubidea da, gorago Río de Saratsea deritzan bera.
Ordokia-k Saratsea, Corral nuevo, El Escopizar, Kasedako muga eta errekarekin mugatzen du.
Gure eskualdean Zareko Ordokia-z landara, Erbiñako ordokia dugu Galipentzun (ikus sarrera hau) eta hegoalderago Ordokia eta Ordokilanda Melidan [Ikus Euskararen mugak atala.].
(...)