(...)
Oibar 'Aibar' herri-izena eta bidea arrunta ditugu hemen.
Aibar-en euskal izena bizirik dago oraindik Zaraitzu aldean, artzaingoa zela medio harreman franko baitzituzten Mendialdekoek eskualde honetakoekin. Zaraitzun Oibarre [oibárre] nahiz [óibarre] esaten dute, baina bukaerako -e hori gaztelaniazko izena eta dokumentazioko Oibarbidea eta Oibarbidegaña ikusirik paragogikoa dela dirudi, hau da, Oibarren, Oibarrerik, Oibarrera...eta antzekoetan erabiltzearen ondorioz sortua [Ikus NHI, 190. or. Dena den, Oibarbidea eta irudikoak ez dira sobera fidagarriak, elkarketan lehen osagaiaren bukaerako bokala galtzen delako: cf. Usubidea, Usobidea...].
Oibar-en etimologia guk nahi genukeen bezain gardena ez den arren, ia segurua da bukaerako -ibar hori 'harana' dela, Artzibar, Erroibar, Esteribar...eta bestetan bezala. Erdarazko Valdeaibar tautologia bat dugu beraz, Valle de Ibargoiti edo Valle de Esteribar-en modukoa.
Aztergai dugun izenaren lehenengo lekukotasunak [Ikus NHI, 190. or.] Aibar-en alde mintzo dira, eta balirudike euskarako izena erdarazkotik eratorri behar dela, erdarazko hori ere jatorriz euskalduna den arren, baina Oiuarr 1074erako azaltzen da [Id.], eta XI edo XII. mendean Garcia Oivarco aurkitzen dugu [Lacarra, VM, 46. or.].
Hortaz, formarik zaharrena Aibar ala Oibar den ez dago zeharo garbi, dokumentazioan bateratsu azaltzen direlako. Guztiarekin ere, eta beste eskualde batzutako toponimia ikusita, badirudi jatorrizko forma Oibar dela, eta Aibar horretatik atera dela [Gehienetan erdarazko izena euskarazkoa baino kontserbatzaileagoa da (cf. Ochagavía / Otsagi, Olazagutia / Olazti, Labiano / Labio...), baina hau ez da nahitaez horrela izan behar.]: Orban Oibar despoblatua daukagu [F. Idoate, "Poblados y despoblados o desolados en Navarra (en 1534 y 1800)", PV, 108-109, 309-338. orr.], Imozko Erason Oibar toponimoa dugu 1893ko katastroan, Oibar [óibar] (cf. Gipuzkoako Eibar herri-izenaren ebakera) egun ["Cantar de la batalla de Beotibar" delakoan (TAV, 66-69. orr.) nafar ozteen buruzagia (edo buruzagietako bat) Martin de Ayuar (erdaraz) edo Martin de Oybar (euskaraz) zen ("Beotibar, Beotibar, hic diadutac Martin de Oybar"):
"En cuanto a Oybar, baste recordar que el nombre vasco de la villa de Aibar es Oibarre, y así se ha conservado hasta hoy en el valle de Salazar por lo menos. Y no se olvide que los copistas tenían que inclinarse a cambiarlo en Aibar, nombre oficial, o Eibar, familiar para un guipuzcoano".], eta Malerrekako Zubietan ugaldearekin eta errotarekin mugatzen zuen Oybar dugu 1668an [PRA-Doneztebe, 57. k.] eta 1712an [Id., 86. k.], Oibar 1716 [Id.], 1780 [Id., 129. k.] eta 1824ean [Doneztebeko hipotekak, 126. liburua.]. Eleizaldek (LVTV) Oria ibaiaren ertzeko zuloko baserri-izena den Oibarzoko biltzen du Zarautz-Aian. Hortaz garbi samar dago hemen -ibar 'haran' dugula [Datu guzti hauek Andrés Iñigo Iturendarrari zor dizkiogu.]. Cf., gainera, Gizaburuagako Okamika auzoko harpea den Oarri edo Oibar [DIMV, 39. or.].
Oibarbidea eta Camino de Aibar-en arteko baliokidetasuna, bestalde, segurua da.
(...)
Zer:
Non:
Jatorria:
OV.11