(...)
1534eko Uxueko despoblatuen zerrendan Equyra cabal ageri da, geroko dokumentazio ia guztian Akirazabal(a) edireten dugunagatik.
Egun Lakilazaba [lakìlazába] edo Lagilazaba [lagìlazába] esaten zaio.
Dorrea duela urte batzuk arte aise bereizten zen, baina orain lur arras dago, bere harri ederrez ondoko gorteak egiteko edo berritzeko baliatu baitira uxuetarrak. Dorrearen inguruan "corraleto"-ak (zaharkinak) ikus daitezke, bai eta inguruko ardantzeetan harri mukuru handiak. Despoblatua zegoen tokiari La Torraza esaten zaio oraindik ere, gaurregun dorrea zeharo hondatua egonagatik. 1677ko aldaerak e- dauka hasieran, 1534eko despoblatu izenak bezala, baina gainerako lekuko gehienek a- dute, eta zalantzarik ez dago hau dela jatorrizko soinua. E-dun aldaera disimilazioz atera dateke, Abaiz herrixkaren euskal izena den Epaiz bezala (ikus Epaizko Abaiz sarrera).
Etimologia garbia da. latineko aq(u)ila 'arrano'-tik atera den akira [Mdez. Pidal honela mintzo da (MGHE, 146. or.) latineko qu- multzoaz."el grupo qu-, es decir, la velar c seguida de la fricativa labial v, pierde su fricativa ora en la escritura y pronunciación. quattuordecim catorce... ora se pierde en la pronunciación, aunque se siga escribiendo la u por seguir e o i. quaero quiero..." (127-128. orr.), eta aurrerago. "ante o, e, i la u desaparece en la pronunciación, aunque se conserve en la escritura... aquila águila "] (l > r pausoa arrunta da gure hizkuntzan) dugu, eta zabala ezaguna, hau da, Aguilar (cf. Aquilar [akilár] Agezan eta Bartiquilar < Bartaquilar Galipentzun) dermio menditsua zabaltzen eta zelaitzen (neurri batez behinik behin) den eremua adierazten du. Honek, diogun bidenabar, Aguilar euskaraz Akira- zela esan nahi du.
Akirazabal-ek Aguilar, Makarreta, Santa Fe, Pipiratu eta Busa-rekin mugatzen du.
Barranco de Akirazabal Aguilar-etatik heldu diren bi errekek bat egiten duten tokian hasten da, eta Busa-raino luzatzen. Dermio honetan Barranco de Busa izena hartzen du [Ikus Aguilar sarreran Barranco de Aguilar-ez mintzatzerakoan esan dena.]. Barranquilla de la Torre de Akirazabal, Carasol de la Torre de Akirazabal zeritzanetik errekaraino jaisten den izen berezirik gabeko errekastoa da. Errekasto honen eta erreka nagusiaren elkargunean Fuente de la Cortadora izeneko iturria dago. Torre-a egun La Torraza deitzen den bera da, hots, Akirazabal herriko dorrea.
Carasol de la Torre dorrea dagoen eguzkialdea zen.
Bukatzeko diogun toponimo hau, beste batzuk bezala, desagertzeko arriskutan dagoela, ondoan duen Busa dermio eta "corraliza" [Corraliza" honetan Akirazabala ere sartzen da. Ikus Corraliza sarrera.] zabala irensten hasia baita, jendeak sarri askotan "tengo una viña en Busa", "me voy a Busa" bezalakoak esaten dituelarik, "tengo una viña en Lakilazaba" edo "me voy a Lakilazaba" esan beharrez. Dokumentazioan ikusten den moldean, Akirazabal antzina "corraliza" zen.
(...)
Zer:
Non:
Jatorria:
OV.11