halako
1 adj. Hura bezalakoa, aipatu den gisakoa. (Berez hirugarren graduko erakusleari dagokio, baina honelako eta horrelako-ren ordez ere erabil daiteke). Ik. honelako; horrelako. Turkoen eta beste halako jendeen artean ezin dateke egiazko santutasunik. Ez da bera diruaren jabe, baizik dirua da halako gutiziatsu doilorraren jabe. Nola, bada, entzungo ez ditu halako Aita batek honelako seme batek egiten dizkion erreguak? Banekien mami gutxikoa eta erkina izango zela, halako gurasoak zituen eta. || (Izenordain gisa). Ez dut inoiz halakorik ikusi. Ez nuen uste halakoa zinela. Modu honetan edo beste halako batean. Halako asko badugu frantsesez; ez, ordea, euskaraz. 2 (nolako, zelako edo halako-rekin korrelazioan). Nolakoa bizitza, halakoa akabaila.
3 (Gehiago zehazten ez den zerbait aipatzeko; dagokion izen sintagma mugagabean nahiz mugatuan). Honelako egunetan, Jauna, eta honelako lekutan halako bekatu egin nuen, honelako egun eta honelako bazterrean halako bekatu. Nik honelako edo halako bizimodu hartu banu, izango nintzen ona. Honelako edo halako premietarako.
4 (Bestela zehazteko gaitz dena mugatuz). Beti uste izan da badela halako gogaidetasun bat liburu baten autorearen eta hitzaurre-egilearen artean. Bere mintzaerari halako gordin antza aurkitzen zaio, osoro heldu ez den fruituarena. Bere lan guztietan nabari da halako euskal giroa. Ederra da benetan; badu halako bere gisako bihotz-isuri samurra.
5 (Zehaztu gabeko pertsona bat izendatzeko, mugagabean). Ik. urlia. Zenbatetan ez duzu aditu "honelako hil da ezpata kolpe batez, halako ito da, beste batek eroririk hautsi du burua"? Luisa, halakok zuretzat eskumuinak eman dizkit. Honelakok eta halakok diotenez. 6 (Pertsonez mintzatuz, izenordain gisa). Hala, amodioa duena gai da guztietako; halakoak egiten du, eta obretan ateratzen, mila gauza. Anitz baita Euskal Herrian euskaraz soilik irakurtzen dakienik, halatan egin ditut halakoentzat euskaraz deboziozko otoitz batzuk. Horra zer den emakume eroa eta halakoaren azken gogoa.
7 (Ondoriozko perpaus baten aurretik, non-ekin edo kideko konjuntzio batekin korrelazioan). Halako limosnak egiten zituen, non askotan fraide lagunek esaten baitzioten urrunegi zihoala.
8 (Zenbaki bati dagokiola, haren ezkerrean nahiz eskuinean, zenbakiari balio biderkatzailea ematen diola). Neure onen erdiak ematen dizkiet behartsuei; eta baldin inori bidegabeki kendu badiot, itzultzen diot halako lau. Mendibururen euskal idazlanak bi halako gehitu zaizkigu orain. || Haien uztarriek, nik eraginda, lehen halako bi lan eginen dute. Etxean ditudan halako bi ohe baneuzka.
9 adj. Alaena. (Dagokion izenondoaren eskuinean jartzen da). Lotsagabea halakoa! Berritsuok halakook! Lapiko halako hori!
10 Hain. Ez zuen halako adore handirik ere. Egia da inguruko baserritarrek ez zietela haren euskal saioei halako harrera ona egiten.