(...)
Leioako auzoak eta euren izendapenak [...] Geroago, 1880ko hauteskundeetarako egindako distritu-zatiketan, Leioa bi gune nagusitan banatu zuten: Marinerri eta Baserri. Lehenengoan Artatza, Ondiz, Udondo, Aketxe eta Lamiako sartzen ziren; eta bestean, gainerako auzo guztiak. // Banaketa hau, hala ere, ez da gaur egun ezagutzen; eta izenok galdu arren, ezin di- ra nolanahi baztertu, nekez asma baitzitzakeen administrazioak horrelakoak eta benetako erabileraren isla izan behar zuten. Ezagunena nonahi aurkitzen dugun Goierri bada ere, horrelako asko daude Euskal Herri osoan, ohikoa izan baita auzo edo inguru zabalak izendatzeko herri hitza erabiltzea; batzuetan, hiri izen batekin, Estellerri (Lizarra ingurua) edo Toloserri (egun Tolosaldea) kasuetan bezala; besteetan hitz arruntekin, Kokoerri, Sugerria edo hurbil dugun Txorierri. // Baserri hitzaren esanahia, argitu beharra dago, ‘nekazal gunea’ da; ez gaur egun duen esanahia, ‘nekazal guneko etxea’. Etxalde hitza da, eta ez baserri, hain zuzen ere, nekazal gunean dagoen eraikina izendatzeko erabiltzen den hitza Leioan eta inguruko herrietan. Getxon, Leioako mugan dagoen Bolua errekaren inguruari Baserri esaten zaio eta inguruan hitz arrunt moduan erabiltzen da, gero eta gutxiago hala ere. // Marinerri da bigarren gunea, hain zuzen ere, Gobela erreka eta Bilboko itsasadarraren ondoko guneari esaten zitzaion. Leioa, halere, ez da izan marinel herri nabaria, baina zalantzarik gabe itsasadarraren ondoan egoteak eragina izan zuen. // Gune bakoitza, jakina, jarduera batekin lotzen da. Izenek beraiek adierazten du- tenez, Baserria nekazaritzarekin lotuago dago, eta Marinerri itsasoaren eta arrantzaren munduarekin. Leioako historian tradiziozko bi jarduera nagusiak izan dira. // XVIII. mendean baina, Leioan, inguruko herrietan bezalaxe, industrializazioaren eragina agerikoa egin zen, eta hainbat eta hainbat lantegi sortu ziren itsasadarraren inguruan. Lamiako izenaz ezaguna zen padura handia, Gobela errekaren eta Udondo errekaren artean, eta Bilboko itsasadarraren parean, industria gune bilakatu zen. Garapen ekonomikoa ekartzeaz gainera, garapen demografikoa eta ondorioz, hirigintza garapena ere ekarri zituen industrializazioak; baina, baita aldaketa geografiko eta gizarte eraldaketa esanguratsuak ere
(...)
Zer: Auzoa
Non: Leioa
Jatorria:
IZ.02