(...)
Horrela, bada, hizkuntza arruntaren eta bere lexikoaren eta gramatikaren erabilera eta grafia arautzen dugun bezalaxe, toponimoen idazkera ere arautze-prozesu baten barruan dago. Eta arautze-prozesu horren arau-emaile dugun Euskaltzaindiko Onomastika batzordeak oniritzia eman du Leioako edozein toponimoren idazkera erabakitzerakoan, ahozko eta idatzizkoen artean formarik egokiena hautatuz; sarritan alde handia egoten da-eta ahoz ezagutzen dugun lekuren baten ahozko formaren eta jatorrizko idatzizko forma osoaren izenaren artean. Esate baterako, Atzabalta izenaz ezagutzen dugun Santi Mami auzoko etxaldearen idatzizko forma egokia Aretxabaleta da, edo Sutzus izenaz ezagutzen dugun auzoa, Zuhatzu etxaldearen izenetik dator [...] XVIII. mendean honako auzoek osatzen zuten Leioa: // 1704: Landabaso (1745ean Arara, Arostegi eta Landabaso), Libano [2 Sutegien bertsio batean Libao ageri da auzo moduan, eta beste bertsio batean Landabasoko etxe batzuk biltzen ditu], Ubeda (Sarriena gaur egun), Zuhatzu, Peruri, Basaiz, Artatza, Leioa (Elexalde gaur egun), Ondiz, Aketxe eta Udondo. // 1745: Ondiz, Aketxe, Udondo, Arara (barruan Elexalde), Aretxabaleta, Arostegi, Ubeda (Sarriena gaur egun) Zuhatzu (Peruri barne), Basaiz eta Artatza [...] Peruri izena, XVII. mendeko etxalde-izen batetik dator. Baina auzo izen gisa XIX. mendean ageri da dokumentazioan lehenengoz, lehenago Zuhatzuko zatia zelako (ikus Zuhatzu sarrera). Etimoari dagokionez, bi elementu edo hitz bereiz litezke: Peru euskarazko antroponimoa, gaztelaniaz ‘Pedro’, eta uri (hiri hitzaren bizkaierazko forma). Esanahia beraz, ‘Peruren etxea’ da, izan ere ‘uri’ hitzak herrigunea esanahiaz gain, etxea ere esan nahi zuen garai batean [...] Zuhatzu auzo izena, gutxitan erabiltzen bada ere, inguru eta etxalde-gune zaharra da Leioan. Zuhaitz eta -zu ugaritasuna adierazten duen atzizkiaz eratorritako toponimoa da, eta sarri dokumentatzen da. Lau etxaldek osatzen dute Zuhatzu auzoa: Zuhatzuaurrekoa, Zuhatzubarri, Zuhatzuerdikoa eta Zuhatzuosteikoa. Ahoz Sutzu esaten zaio euskaraz eta Sutxus erdaraz. Euskarazko izen arautuan ageri den -h- ez da ohikoa eta azalpena behar du grafía honek. Euskal Herrian oso izen arrunta da eta leku askotan antzina izan zuen -h- horrek -g- edo -b- eman du ahoz (Sugetzu eta Subetzu esaten da Galdakaon, adibidez) eta beste lekuetan, berriz, bizirik dago h- hori eta horregatik Akademiak erabaki zuen izen bakarra denez idazkera bakarra behar zuela Zuhatzu, alegia. Gaur egun Peruriko zatia da eta ez auzo ofiziala. // 1704an Zuhatzu auzoaren izena zen, nahiz eta izen hori zuten etxeak Peruri moduan ageri. // 1704an Larrakoetxea eta “Larrakoetxea de atrás” Elexaldekoak ziren. 1900ean Peruri eta Aldekoena bat eginik zeuden eta Zuhatzurekin batera ageri ziren Artatza eta Basaez, baina hemen bereizi egin ditugu. // Esan beharra dago, auzo-izenetan, eta auzo txikiagoen izenetan ere agerikoa dela Leioan hitz egiten diren bi hizkuntzen eragina. Euskal toponimoetan, gaztelaniaren eragina auzo izenetan edo etxalde-multzoetan erantsi ohi den amaierako -s dugu erakuslerik argiena (Sutzus, Basañeses eta abar). Fenomeno hau, berria bada ere, XIX. mendearen amaierakoa, oso zabaldua dago inguruko herrietan ere, Txorierrin eta Uribe Kostan bereziki. Gaztelaniaren eraginezko fenomenoa da amaieran -s pluralgilea sartzea, eta beraz, ahozko erabileran ere baztertu beharreko joera dugu [...] 1704 Perurigoikoa / 1704 Pikaranda, 1745 Pikalanda, 1796 Pikalanda, 1825 Pikaranda, 1900 Pikeranda / 1704 Peruri, de Atxa, 1796 Atxena, 1825 Atxena, 1900 Atxena / 1704 Peruri, 1745 Peruri maior, 1796 Peruri, 1825 Perurinagusia, 1900 Peruri / 1704 Peruri, 1745 Peruri, otra / 1704 Larrakoetxea, 1745 Larrakoetxea, 1796 Larrakoetxea, 1825 Larrakoetxea, 1900 Larrakoetxea / 1704 Larrakoetxeaosteikoa / 1704 Zuhatzua, 1745 Zuhatzuaurrekoa, 1796 Zuhatzuaurrekoa, 1825 Zuhatzuerdikoa, 1900 Zuhatzuerdikoa / 1745 Zuhatzuatzekoa / 1745 Zuhatzuosteinkoa, 1796 Zuhatzuosteinkoa, 1825 Zuhatzuosteikoa / 1745 Peruritxu, 1825 Peruritxikia, 1900 Etxatu ? / 1745 Peruri / 1745 Andikoetxea ?, 1796 Andikoetxea, 1825 Andikoetxea / 1825 Zuhatzuaurrekoa / 1900 Zuatzubarri / 1900 Otxotena / 1900 Buenavista
(...)
Zer: Auzoa
Non: Leioa
Jatorria:
IZ.02