Oparoa da ezin elementuarekin eraturiko hitz-elkarketa.
• <aditzoina + ezin> eredua da emankorrena, adjektiboak sortzeko bereziki: adiezin, agorrezin, aipaezin, aitorrezin, asmaezin, aseezin, aplikaezin, aurkiezin, asperrezin, banaezin, elkarrezin (elkartezin), esanezin, ikusezin (ikustezin), eramanezin...
• Partizipioarekin eginiko eraketa ere bidezkoa da, ezin aurretik duela (<ezin + partizipioa + -zko>) edo atzetik (<partizipioa + ezin + -ko>) duela; izenlagunak sortzen dira horrela: ezin adierazizko, ezin agortuzko, ezin ahaztuzko, ezin aipatuzko, ezin aitortuzko, ezin asmatuzko, ezin asezko... (lehen molde honek du tradiziorik handiena); adierazi ezineko, agortu ezineko, ahaztu ezineko, mugatu ezineko, osatu ezineko, irentsi ezineko...
Adjektibo batzuek -t- hartzen dute tartean, baina salbuespen dira: ulertezin, irakurtezin, neurtezin, ohartezin, onartezin, sinestezin. Berdin gertatzen da zenbaitetan erraz denean osagaia: irakurterraz, sinesterraz. Horren arrazoia, gehienetan, tradizioa da; inoiz molde kakofonikoak saihestea: *ulerrerraz, *irakurrerraz.
• Izenak ere sortzen ditu (adjektiboak baino askozaz gutxiago): esanezin, ezinegon/egonezin, ezinikusi/ikusezin, ezineraman, ezinbizi, ezin-egin...
Badira ezin oinarri hartuta eratorpenez sorturikoak ere: ezindu, ezintasun, ezindura, ezinkizun...
Hitz askotan, bi moldeetara joka dezake elkarketan ezin osagaiak: egonezin/ezinegon, eramanezin/ezineraman, ikusiezin/ezinikusi, aseezin/ezin ase, esanezin/ezin esan... [EH]
EUSKALTZAINDIA. “Lexikoa: ezina (ezin jasoa / jaso ezina)”, Jagonet galde-erantzunak.