Bedi adizkia ez da adizki trinkoa, aditz perifrastikoetan laguntzaile gisa erabiltzekoa baizik (*edin aditza): izan bedi, egin bedi, etor bitez... Hartara, *hala bedi ez da zuzena (inolako aditz nagusirik gabekoa baita); hala IZAN BEDI (izan aditz nagusia + *edin laguntzailea dituela) edo hala BIZ (izan aditzaren aginterazko antzinako forma trinkoa) behar du. Bada Euskaltzaindiaren Hiztegian adiera bera duen halabiz interjekzioa ere [EH]. *Hala bitez ere ez da zuzena, arrazoi beragatik; hala IZAN BITEZ (izan aditz nagusia + *edin laguntzailea) edo hala BIRA (izan aditzaren antzinako forma trinkoa) behar du.
Laguntzailea da, besteak beste, bekit ere, eta zilegi IZAN BEKIT da forma zuzena (zilegi izan nagusia + *edin laguntzailea), eta ez *zilegi bekit (aditz nagusia —zilegi izan— ez baitago osorik). *Zaitez esanekoa ere ez da gramatikala; IZAN ZAITEZ esanekoa behar du, zaitez ez baita forma trinkoa, aditz perifrastikoaren laguntzailea baizik. Ezaugarri bera dute hadi, zaitez eta zaitezte adizkiek ere: ez dira forma trinkoak, laguntzaileak baizik.
Beste hainbeste gertatzen da *ezan aditzarekin; ez du agintera trinkorik, perifrastikoetan laguntzaile gisa baliatzekoa baino ez da. *Ene hitzak beza boterea, esaterako, ez da gramatikala; aditz nagusia behar du: Ene hitzak IZAN BEZA boterea. Ezaugarri bera dute bezate, ezan/ezak, ezazu eta ezazue adizkiek ere.
EUSKALTZAINDIA (1993). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (385).
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (204).