Esanahi ezberdina dute normalean: baterak gehienetan ‘aldi berean’ esan nahi du, denbora-zentzua du: Ahots guztiek batera abestu behar dute abesbatzan, bestela... Elkarrekinek, aldiz —NOREKIN kasua izaki—, ‘konpainia’ adierazten du: Elkarrekin abestu genuen urtebetean abesbatzan.
Ñabardurak ñabardura, ordea, literatura-tradizioan ez da hain arraroa baterak elkarrekinen adiera ere hartzea: Ikasle guztiak batera bildu zituzten [EH]. Eta ‘goazen guztiok batera’ ez da ‘goazen guztiok aldi berean’ bakarrik, baizik eta ‘elkarrekin, bat eginik’.