Forma horretako perpaus jokatugabeak denborazko balio izaten dute gehienetan (noiz). Beste hitz batzuetan esanda, ez dira ohikoak -tzean formako perpaus osagarriak, zertan adierakoak.
Predikatu gobernatzaileak hiru sailetan bana ditzakegu:
1. OINARRITU, bermea izan, bermatu, funtsatu, oinarria izan/hartu, oinarritu, sustengatu… Erreferentziakidetasuna nagusitu ohi den arren, ez da kontrolik halakoetan: Ikasleekin pazientzia ez galtzean oinarritzen da irakaslearen arrakasta; Halako osagaiak hain moldakorrak izatean du oinarria berrikuntza horrek. Etzan aditzaren hirugarren pertsona singularreko forma sintetikoak ere sail honetakoak dira: Ongi bizitzean datza kontua/auzia/gakoa.
2. FIDATU, bihotza/esperantza/gogoa/itxaropena… eduki / etorkizuna ikusi/izan-ukan/jarri… Loteriarekin aberastean fidaturik bizi zen; Esperantza guztia jarria daukat egunen batean bakean bizitzean; Ez dut etorkizunik ikusten besterik gabe lehengo sistemara itzultzean.
3. ABANTAILA/MEREZIMENDU/ONURA/ZAILTASUN… AURKITU/EGON/IKUSI/IZAN… Ez dut onurarik/abantailarik ikusten horrela gaixorik egonda luzaro bizitzean; Ongi bizitzen asmatzean dago koska/zailtasuna; Eta alaia izatean bazuen meriturik, herrena baitzen (Garate).
Beste predikatu batzuk ere aurki ditzakegu, jarduerazkoak ez diren zertan argumentuak ager daitezkeen testuinguruetan: gutxiago izan, bat etorri… Zertan izan zarete beste eliz elkarteak baino gutxiago, nik zuen kontura bizi nahi ez izatean baizik? (Elizen arteko Biblia); Gauza hau, berez, nabarmen da: izan ere, erraten duenak zuria eta beltza bat datozela, soilki, ez bata ez bestea gorria ez izatean absolutuki baieztatzen du zuria eta beltza ez datozela deusetan bat (Xarriton).