23.5.3.3a Batez ere idatzizko testuetan aurkituko dugu bide; ez da batere ohikoa ahozkoetan. Kokagunea, adizki laguntzailearen edo adizki sintetikoaren aurre-aurrekoa du: Ez bide daki kazetari hark Alemaniak berak ez ezik Europako beste potentziek ere gerra horietan izan duten eragina (Jimenez); Denbora nahikoa kanpoan igarotzea aski bide da herrimina sortzeko (Oñederra); Berandu egin bide zaio, urrats luzez ibiltzen hasi baita (Zaldua). Eta kokagune horretan ageri da galdegaiak eraginda laguntzailea aurreratzen denean (§ 41.4.2): Akademiko talde batek bide du proposatu (J. A. Irigarai). Bai eta ezezko perpausetan ere: Itxura guzien arabera, holako lana ez bide zuten bizpahiru lagun xoilek egin bainan gizon andana handixko batek (Herria).
23.5.3.3b Esaten dugunari ziurtasun oso-osoa ematen ez badiogu ere, egiantz handia, bederen, eskaintzen diogula adierazteko erabiltzen dugu bide. Adiera bakarra du: ‘dirudienez’, ‘itxura guztien arabera’… Bere izena holandarrek ezarritako Breukelen hitzetik dator (“lur ebakia” esan nahi bide du) (Cano); Landako giroak egin bide du mirari hori (Jon Muñoz); Beldarrainek aurpegian irakurri bide zion oinaze ikaragarri hura (Saizarbitoria); Hala deritzot nik ere, alkate jauna, baina honezkero ez bide du konponbiderik (Linazasoro).
23.5.3.3c Bestelako adierazpideak ere balia ditzakegu adiera hori emateko, hala nola, aspektu prospektiboa (etorriko zen honezkero), behar modalitate epistemiko baliokoa (etxeratua behar du), badirudi… (Badirudi Manexen amona juduak ez zuela bere fedea ukatu, hala uler daitezke, behintzat, bilobaren hitzak, Txiliku), edo zenbait adberbio edo postposizio sintagma (antza denez, itxuraz, nonbait, sobra ere ‘antza denez, itxuraz’ adieran… Etxera etorri da nonbait; etxera etorri da sobra ere). Azken adibide horiek erraz eman daitezke bide erabiliaz: etorri bide da, etxeratu bide da, ez bide zuen bere fedea ukatu.