Kokapena:
18.6.2a Joera nagusia, adibide horietan guztietan ikusten denez, izenlaguna izenaren ezkerrean paratzea da. Hala ere, badira kasu mugatu batzuk, non eskuinean jartzea ere posible den. Izen bereziekin arrunta da hori: Gure Peru / Peru gurea. Artikulua ezinbestekoa da holakoetan, sintagma modu egokian osatzeko: *Peru gure.
18.6.2b Aditz kopulatibo baten predikatu atributiboa da anitzetan genitibozko sintagma (komunztadurazko artikulua daramala, hizkera gehienetan): Kantu hau Benito Lertxundirena da. Adibide horretan bezala, genitibozko sintagmak adjektibatuko lukeen izen sintagma da halako perpausetan subjektua: Benito Lertxundiren kantu hau. Agian argiago adierazita: 1) Kantu hau Benito Lertxundirena da; 2) Benito Lertxundirena den kantu hau; 3) Benito Lertxundiren kantu hau.
18.6.2c Izenarekin duen erlazioa kontuan izanik, erlazio mota desberdinak adierazten ditu genitiboak: jabegoa (aitaren etxea, hots, ‘aitak duen etxea’; gure dirua, ‘guk dugun dirua’); agentea/tema (aitaren etorrera, hau da, ‘aita dator’); hartzailea (aitaren kritika, hau da, ‘aitari egin zaion kritika’). Jabegoaz gain, bestelako erlazioak adierazten dira honako adibide hauetan ere: haren burua; Mikelen heriotza; zure lagun minaren aita; bizitzaren hasiera; haran honen edertasuna; liburuaren lehenbiziko kapitulua. Argi denez, beste erlazio mota franko ere adierazteko baliatzen gara kasu honetaz.
Horrenbestez, denda edo antzeko zerbait bere jabearen izenarekin izendatzen denean, anitzetan baliatzen gara genitiboaz: Etxeberriaren arrandegia (‘Etxeberriarena den arrandegia’). Beste horrenbeste norbaiten etxea aipatu nahi izanez gero: Patxirenera joan naiz bazkaltzera (‘Patxirena den etxera joan naiz bazkaltzera’).
Jakina, ez da pentsatu behar, horratik, osagarri izenlagun argumental guztiak direnik genitibozkoak. Ugariak dira -ko atzizkiaz eratuak ere: etxerako tresnak; autonomoentzako laguntzak; erortzeko arriskua; hori esateko lotsa, beharra…
18.6.2d Aditz izenaren objektua absolutiboan nahiz genitiboan joan daiteke hizkera batzuetan (§ 18.2.5): Gauza ederra da euskara(ren) ikastea; Diamante bat(en) saltzera etorri natzaizu eta abar.
Objektuak zentzu orokorra eta zehaztugabea duenean, genitiboaren ordez, oinarri forma har dezake: Onddo biltzen ibili da. Adizkia jokatua denean genitiboak ez du lekurik: Gauza hauek (*gauza hauen) esaten ditu.
18.6.2e Hizkerako zenbait lokuziotan elipsia egiten dugu: Gurean (‘gure etxean’); Ez egin astoarena!; Ez egin gorrarena!; Beti tontoarena egiten; Kristorenak eman dizkio; Zureak egin du! eta abar. Badira esapide eta erranairu anitz gehiago: pozaren pozez; handiaren handiz; ikusiaren ikusiaz; hondarraren hondarrean; alderen alde; bururen buru… Eta harriduretan ere bai: Nire poza!; Ene dohakabea!; Ene galdua!…
18.6.2f Postposizio askok genitiboa eskatzen dute: elizaren ondoan; uraren gainean; nire inguruan; denon aurrean; Andoniren ordez; eskutitz honen bitartez; liburu batzuen arabera; espainolen antzera; euskara batuaren alde eta kontra; azken gerraren ondotik; nire baitan… Kasu batzuetan postposizio itsatsia ken daiteke: ur gainean; mahai azpian; ohe azpian; ni baitan… Bizidunek beti behar dute marka hori, hala ere: Andoniren ondoan; nire gainean (*ni gainean)…
18.6.2g Genitiboaren marka hau beste postposizio batzuen morfologian ere ageri da: haurrarengatik; adiskideentzat; gizonarengan; zuregana; Andonirengandik… Batzuetan absolutiboa ere balia daiteke funtzio berean: Gabonak aurretik; diruagatik; nigan…
18.6.2h Hitz eta predikatu konplexu batzuek genitibo hau eskatzen dute: beldur izan, lotsa izan, herabe izan, zain izan, beha egon, mende egon, bila ibili, xerka joan/ibili…: Dentistaren beldur gara; Zure zain gaude; Mikelen bila gatoz; Elkarren bete zeuden… Baina marka gabe ere: Etxe bila dabiltza; Diru eske etorri zitzaidan…
18.6.2i Zenbait euskalkitan ‘bat edo beste, bat edo bat, zenbait…’ adierazteko, izen sintagma genitibo zehaztugabean doa, eskuinean bat edo batzuk hartzen dituela: Gazteren bat etorri da; Libururen batzuk erosiko ditugu. Egitura bera zenbakiekin erabiliz gero, kopuruaren gutxi gorabeheratasuna adieraz daiteke: Hogeiren bat urte ditu gure adiskide horrek (= ‘hogei bat’, ‘hogei inguru’); Hamabosten bat tona galdu dira (= ‘hamabost bat’, ‘hamabost inguru’); Baten bat etorri da (= ‘norbait’, ‘gutxi batzuk’). (Ikus 16. kapitulua: “Zenbatzaileak”).
18.6.2j Euskara zaharrean, postposizio honek -entzat postposizioaren balioa du: Hainbat gaiztoago zure (Hainbat gaiztoago zuretzat); Deabruen dela! (Deabruentzat izan dadila). Zenbait euskalkitan oraingoz mantentzen dira holako esamolde ihartu batzuk: Adio zuen! (Adio zuentzat, zuei); -Esker mila, -Ez da zeren! (Ez da zerentzat, zergatik).
18.6.2k Esan dezagun, azkenik, batzuetan ez dela batere erraza zehaztea zer den egokiago, -en edo -ko erabiltzea: etxeko teilatua edo etxearen teilatua? Beste batzuetan, esanahi desberdina dute batak eta besteak: elizaren isiltasuna ez da elizako isiltasuna; elizaren hormak eta elizako paretak; hamar euroren kafea eta hamar euroko kafea. Badirudi edukitzailea pertsona edo biziduna izanik, -en eskatzen duela: Andoniren bizitza. Postposizio askeekin ere -en erabiltzen da, eta ez -ko: etxearen aurrean. Aldiz, toki edo denbora bati dagokion delako erlazioa adierazi nahi bada, -ko maizago: etxeko giltzak; arratsaldeko autobusa. Baina beste kasu asko ilunagoak gertatzen dira (ikus -ko postposizioa § 21.8).