Kokapena:
Euskarak baditu morfema konplexuak galde hitz batez eta beste elementu batez osatuak; beste elementu hori edo, nahi edo bait- izan daiteke. Hau da, honako morfema konplexuez ari gara: norbait, nornahi, edonor; zernahi, zerbait, edozer; edozein; nonahi, nonbait, edonon, noranahi, norabait, edonora… Galde hitza nolako, zein kategoriatako, morfema konplexua ere kategoria berekoa izango da; izenordainak dira norbait, nornahi, edonor, zernahi, zerbait, edozer (§ 13.10); determinatzaileak dira edozein, zein-nahi (§ 17.2); adberbioak dira, ostera, non-nahi, nonbait, edonon, noranahi, norabait, edonora, non-nahitik / nondik-nahi eta abar. (§ 22.3.3.2). Nekez esan daiteke, hala ere, hitz elkarketaren emaitza direnik aipatu berri ditugun egiturok. Egia da morfema konplexuak direla, hau da, osagai bat baino gehiago dutela; eta egia da, halaber, hitz elkarketan gertatzen den bezala, osagai batek ematen diola kategoria egitura osoari. Baina, batetik, galde hitzak ez dira izaten hitz elkarketako osagai; kategoria lexikoak bai (izenak, adjektiboak, aditzoinak…), baina ez galde hitzak edo izenordainak. Bestetik, are zailagoa da beste osagaiaren kategoria zein den zehaztea: edo lokailua dela esango genuke? Bait partikula? Eta nahi? Zein kategoria emango genioke hor ageri den nahi horri? Izena dela esaten badugu, egitura osoak izen kategoria behar luke (ikus “osagarri-buru egiturako izen elkartuak” § 7.2.4). Badirudi beste osagai horrek balio indefinitua, zehaztugabea ematen diola morfema osoari, dela izenordain, determinatzaile edo adberbio; hori dela eginkizun nagusia. Hirugarrenik, zenbatzaileak ematen badio kategoria morfema osoari, bigarren osagai izan behar luke, buru alegia. Beraz, ez gaude hitz elkarketaren eremuan.