5.5.3a Atzizki izen-sortzaileen artean ere aztertu dugu -kizun1 (ikus § 4.4.3.5). Funtsean atzizki bera dela esan daitekeen arren, ondoren ikusiko ditugun adibideek ez dute izen baliorik. Baina ez dute adjektibo erabilera beterik ere; ez dira izen baten ezkerrean azaltzen, predikatu sintagma osatzen dute. Ez dugu, esaterako, bekatu barkakizunak esaten, baizik barkakizun zaizkizu bekatu horiek. Oinarri diren aditzak mota batekoak baino gehiagokoak izan daitezke: da motakoak (etorri, urrikaldu), du motakoak (barkatu, egin, eman, erremediatu, ikusi), nahiz da/du motakoak (hil, sendatu).
5.5.3b Atzizki izen-sortzaileetako -kizun1-ek bezala, adjektibo-sortzaileak ere aditzaren barne argumentua lotzen du. Horrek esan nahi du bi argumentuko aditzetan, du motakoetan, ‘gaia’ argumentua lotzen duela. Barkakizun, eginkizun, emankizun, erremediakizun, ikuskizun, dagokien aditzen objektuei dagozkie. Adierari dagokionez, egin daitekeen, gerta daitekeen zerbait adierazten du eratorriak; beraz, goraxeago aztertu dugun -garri atzizkiaren baliokidetzat har dezakegu, ‘balio pasiboa’ duen -garri atzizkiarena, alegia. Hauek dira -kizun2 atzizkiak sorturiko eratorri zenbait: barkakizun, eginkizun, emankizun, erremediakizun, etorkizun, gertakizun, hilkizun, ikuskizun, sendakizun, urrikalkizun… Hauetako askok (eginkizun, emankizun, etorkizun, ikuskizun, jasankizun) izen balioa ere badute. Eta, hasieran esan bezala, adjektibo hauek ez ditugu izen sintagmaren barruan, izenaren eskuinean kokatzen; hala erakusten digute ondoko adibideek: Hala ostinatuaren, gogortuaren, itsutuaren, eta ezansiatuaren bekhatua, eta eritasuna ere hain da handia, non berenez ezpaita sendakizun, eta ez barkhakizun (Axular); Zeren ez baitiotegu ikhuskizun diren gauzei begiratzen, bainan-bai ikhuskizun ez direnei (Duvoisin); Etorkizun zeuden trabaju gogorren berri osoa eman da Santuak esan zion (Kardaberaz); Emanak, emateko baleude gaur, emankizun geldituko lirake, bai segurki, nere aldetik behintzat (Mendiburu); Eta oxala gathibutzat salduak bagindedi! jasankizun lizate zorigaitza (Duvoisin).