Eratorpenaren sarreran esan dugunaren harira, mota bateko baino gehiagoko izenak sortzen ditu -tza atzizkiak: gizakien lanbidea edo estatusa adierazten dutenak (artzaintza, ikazkintza), multzo adierakoak (belartza, sasitza) eta gertaera edo ondorio adierakoak (ezkontza, jaiotza). Oinarriak ere desberdinak dira: izen bizidunak, izen bizigabeak eta aditzak, hurrenez hurren. Beraz, itxura bereko hiru -tza atzizki ditugula esan dezakegu: hemen aztertuko dugun -tza1, izen multzokarien azpisailean ikusiko dugun -tza2 (§ 4.3.4) eta gertaera, egoera eta ondorio izenen azpisaileko -tza3 (§ 4.5.8).
-go atzizkiaren pareko dugu -tza1: lanbide edo estatus jakin bat duen pertsona adierazten duen izena oinarri hartu eta lanbide izena sortzen du (aitzurlaritza, alkatetza, artzaintza, bertsolaritza, erregetza, ikazkintza, neskametza, soldadutza…). Euskara estandarrean lanbide izen asko sortzeko baliatu dugu (erizaintza, hizkuntzalaritza, ingeniaritza, merkataritza, zirujautza…). Ohikoa du -ari, -le edo -tzaile atzizkien ondoren agertzea (§ 4.2); hau da, atzizki horien bidez eratorritako izenak hartzea oinarri.