KOKAGUNEA. Batasunari begira Euskaltzaindiak ez du ezer erabaki -dun atzizkiaren kokalekuaz. Nolanahi ere, nabari da joera nagusi bat, bai tradizioan, bai gaur egungo idazkietan ere.
-dun atzizkiaz osaturiko adjektiboak, zenbaitetan, izenaren ezkerrean ikusten dira (alkoholdun edari...), eta hori izan da tradizioko joera nagusia, baina gaur egun nagusituz doa eskuinetik emateko joera. Hurrenkera hori dute, adibidez, Euskaltzaindiaren Hiztegiko azpisarrera hauek: marrazki bizidun, oilo marradun, alauda motodun, balazta zintadun, isats arantzadun; eta baita adibide hauek ere: agintari eskudun, edari alkoholdun, andre dirudun, mutil betaurrekodun, ibilgailu motordun, ardo bisdun (‘bitsa duen ardoa’), arbola lekadun, taula boladun, euskaltzain aulkidun, otarre estalkidun, bokal azentudun, balazta diskodun, soka amudun, pala saredun, alkandora laukidun/koadrodun...
-DUN/-KO
• Izen soilarekin, goiko adibideetan ikusi bezala, -dun atzizkia erantsi ohi zaio izenari (eskudun, alkoholdun...).
• Sintaxi-egitura konplexuagoetan, -dun ezkerretik eman beharra ere gerta liteke, eta egoki da halakoetan: eguzkitako betaurrekodun mutila, adibidez. Baina, gainerakoan, NOLAKO zentzuko <zenbatzailea + izena> egiturekin eta <izena + izenondoa> egiturekin -ko da loturarik arruntena, eta ez -dun: lau hankako mahaia, bi ugazabako etxea, hamar urteko umea...; ile luzeko neska, bihotz garbiko kristaua, begi ederreko umea, hots handiko festa, beso luzeko pilotaria...
ERATORPENA. Adjektiboez gain, izenak ere osatzen ditu -dun atzizkiak: arduradun, euskaldun, ugaztun, ornodun, ogidun (‘ogi-saltzaile`), esnedun (‘esneketari’)... Halakoetan, egoki da, jakina, arduradun nagusi, ugaztun txiki eta ornodun urlehortar moduko sekuentziak (<iz. + izond.>) erabiltzea.
KONTSONANTE-ELKARKETA. Badu -dun atzizkiak erabaki gabeko beste arazo bat ere: Nola jokatu behar da <-tz/-ts + -dun> duten eratorpenetan?
Bi arazo daude hor: a) Hitz eratorriko lehen osagaiak -tz ala -z (ardatzdun/ardazdun) izan behar duen; b) -dun atzizkiaren leherkariak -dun ala -tun (motosdun/motostun) izan behar duen.
- a) atalekoei dagokienez, Euskaltzaindiaren Hiztegian, -s/-z frikarien aldeko hautua da nagusi: hiztun, irabaztun, bihoztun, akastun, aniztun, horzdun, gorpuzdun... (baina hor ageri dira gatzdun eta isatsdun ere).
- b) atalekoei dagokienez, auzia korapilatsuagoa da, eta hitzez hitz erreparatu behar zaie formei: hiztun, ahostun, ugaztun, bihoztun, akastun, aniztun, sinestun... ageri dira, baina hor daude bisdun, adasdun, kirasdun eta motosdun ere.
EUSKALTZAINDIA. “Nolakotasuna adieraztea: -dun (ardazdun/ardaztun)”, Jagonet galde-erantzunak.
— (2021). “-dun (-tun)”, Euskararen Gramatika.
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (158).
ALBERDI, Xabier, SARASOLA, Ibon (2001). Euskal estilo libururantz. Bilbo: UPV/EHU (253-262).